Politika -
Frantzian atxilotuak
ETAko lau ustezko kideak kartzelara bidali dituzte
Alejandro Zobaran eta Mikel Oroz ETAko ustezko buru militarra eta logistika arlokoa dira ostegunean atxilotuetako bi.
Erredakzioa
Bart kartzelara bidali zituzten Frantziako iparraldeko landetxe batean ostegunean atxilotutako ETAko lau ustezko kideak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi dutenez. Alejandro Zobaran Xarla eta Mikel Oroz ETAko ustezko buru militarra eta logistika arlokoa dira horietako bi.
Lau kargu leporatzen die Fiskaltzak. Erakunde terroristako kide izatea da larriena eta hamar urteko kartzela-zigorra ezar liezaiekete. Horrez gain, agiriak eta eskritura pribatuak faltsutzea, matrikula faltsuak erabiltzea eta armak izatea egozten die Ministerio Publikoak.
Oraindik ikerketa abian denez, kargu gehiago lepora diezaiekela azpimarratu du Fiskaltzak.
Claude Gueant Frantziako Barne ministroa ostiralean adierazi zuenez, 2010eko martxoan jendarme bat hiltzea egotzi diote atxilotuetako bati. ETAko komando baten eta jendarmeen arteko tiroketa baten ondorioz hil zen Frantziako hegoaldean.
ETAko lau ustezko kideen etxea miatu ondoren, hainbat pistola, agiri faltsuak, ordenagailuak, dokumentazioa eta lapurtutako bi kotxe aurkitu zituen Poliziak. Aipatutako autoek matrikula faltsuak zuten.
Terrorismoaren aurkako borrokaren iturri espainiarrek jakitera eman dutenez, ETAko komandoen sarea berrantolatzeko asmoz bilera bat egiten zeudenean egin zituzten atxiloketak.