Politika -
Polemika
Eguigurenek Zapaterori egindako kritikak azaldu ditu
PSEren presidenteak ukatu egin du Zapaterori egindako kritika pertsonala izan dela, "bakea hatz puntekin ukitzen" den momentuan "erabaki politikoak hartzeko gaitasun falta" kritikatu nahi omen zuen.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak ukatu egin du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari Sorturen auzian "ausardia" falta leporatu zionean kritika pertsonala egin nahi izan ziola. Eguigurenen esanetan, "bakea hatz puntekin ukitzen" den momentuan Zapaterok "erabaki politikoak hartzeko gaitasun falta" erakutsi duela kritikatu nahi izan du.
Cadena Ser irrati katean egin dituen adierazpenetan, Eguigurenek esan du "inoiz ez" zuela kritika pertsonalean erori nahi, are gutxiago Zapateroz hitz egin zuelako. "Beti esan izan dut Zapaterori monumentu bat egin beharko litzaiokeela Euskal Herriaren alde egin duen lanagatik", azpimarratu du buruzagi sozialistak.
PSE-EEren presidentea harrituta geratu da bere hitzek eragin duten polemikagatik, izan ere, Gobernuarekin "normalean kritikoago" jokatzen duela uste du.