Politika -

ABC Foroa

Lopez: 'Sorturi ezin zaizkio egunero baldintza berriak jarri'

Madrilen hitzaldia eskaini du lehendakariak, ABC Foroan. "Sortuk benetako hausnarketa egin badu, ez al da hori ezker abertzaleari beti eskatu dioguna", galdetu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal sozialistei "min" egiten die "500 edo 1.000 kilometroko distantziatik" PSOEren irakatsiak jasotzea, Patxi Lopez lehendakariak gaur azpimarratu duenez.

Madrilen hitzaldia eskaini du lehendakariak, ABC Foroan. EAEko sozialistek hartutako erabakien gatik jasotako kritikei erantzun nahi izan die Jaurlaritzako buruak.

PSEren eta PSOEren arteko erlazioak onak direla esan du Lopezek, baina, jarraian, kritika egin die Madrilgo sozialistei: "Noizbehinka 500 edo 1.000 kilometrotara egindako kritikak entzuten ditut eta hori, ulertuko duzuen moduan, ez dut onartuko; egunero hemen gaudenak (Euskadin) gu gara, euskal sozialistak eta euskal popularrak; udaletxeetara goaz eta, bakea defendatzeko, gure bizitza defendatzen dugu", esan du.

Horregaitik, "irakatsi gutxi" onartuko dituela gaineratu du. Hala ere, PSOEren eta PSEren arteko erlazioak "oso onak" direla berretsi du.

Sorturi buruz

Patxi Lopez lehendakariaren ustez, demokrazian ezin dira alderdi bat legeztatzeko "baldintza berriak" egunero jarri. Sortu, ezker abertzalearen alderdi berriari exijitu zaizkion baldintzei buruz aritu da lehendakaria. Sortuk, "benetakko hausnarketa egin badu, ez al da beti ezker abertzaleari eskatu dioguna?", galdetu du.

Hala ere, Jesus Eguigurenek egindako azken adierazpenekin bat ez datorrela esan du lehendakariak (Zapaterori ausardia falta leporatu zion, Sorturen legeztatzearen inguruan).

Lopezen ustez, Zapatero, "gai honetan batez ere", Espainiak izan duen "presidenterik adoretsuena izan da".

"ETAren amaiera"

Bestalde, ETAren amaiera lortzeko bere Jaurlaritzak egindako lana defendatu du. Terrorismoaren "gainbehera" Gobernuaren "irmotasun demokratikoari eta zero tolerantziari" esker lortu dela gaineratu du.

"ETAren mehatxupean eman zituen Gobernu honek bere aurreneko pausoak. Gaur, irmotasun demokratikoari eta zero tolerantziari esker, terrorismoaren gainbehera lortu dugu", adierazi du.

Hauteskundeak

Maiatzean izango diren hauteskundeei begira, Euskadiko PPk gainerako alderdiekin akordioak hitzartuko dituela uste du lehendakariak, tartean EAJrekin.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan PSEk eta PPk indarrean duten akordioaren "osasun ona" azpimarratu du Lopezek. Akordioa bera "osasuntsua" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea