Politika -
Artikulu batean
Eguigurenek aitortu du ez zuela Zapatero hitz egokiekin kritikatu
Horren harira, PSE-EEren presidenteak onartu du "eskribau onenak ere" egiten dituela "akatsak". Gainera, Zapaterorekin telefonoz hitz egin eta hark artikuluan esandakoa "ulertu" duela esan du.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak esan du "hitz desegokiak" erabili zituela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu zuenean, izan ere, "bere jarraitzaile nagusienetako bat" da, Euskal Herrira "bakea ekartzeko" egindako lanagatik.
Eguigurenek Legebiltzarreko korridorean egin ditu adierazpenok, asteartean Zapaterori "ausardia falta" leporatzeko idatzi zuen artikuluaren harira.
EAEko sozialisten buruak esan du artikulua "normala" zela, eta "Espainiako politikaz gogoeta" egin zuela bertan, nahiz eta onartu "eskribau onenak ere" egiten dituela "akatsak".
Horren harira, testuan "hitz desegokiak" erabili zituela esan du. "Argi dago hitz desegokiak erabili ditudala, baina ezin nuen pentsatu erabaki politikoez ari nintzenean jendeak pertsona baten ezaugarri psikologikoez ari naizela ulertzea", Eguigurenen esanetan.
PSE-EEren presidenteak azpimarratu du atzo Zapaterorekin hitz egin zuela telefonoz eta ez dagoela haserre, artikuluan esan nahi zuena "ulertu" zuela.