Politika -

Legebiltzarrean

Itxitzat eman dute PSEk eta PPk Sorturen inguruko eztabaida

Egibarrek proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean lehendakariari Sorturen legalizazioa babes dezala eta "Estatuko botereei" alderdi politikoen erregistroan sartzen utz diezaiotela eskatuz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordu gutxi batzutan konpondu dute PSEk eta PPk haien arteko liskarra. Sorturen legalizazioari buruz PSEk atzo iragarri zuen ekimen bat izan da eztabaidaren oinarria. Legebiltzarrera eraman nahi zuten sozializtek baina, iragarri eta ordu gutxira, "atzeratzea" erabaki dute PSE-PP ituna "arriskuan zegoelako".

Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak legez besteko proposamena sinatu zuen atzo Sortuk legezkoa izan daitekeela "erakutsi" dezan.

Gaur goizean Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak iragarri du PSEren azken erabakia. Antza, PSEk telefonoz deitu zien bart popularrei ekimaren inguruak berriro aztertu ondoren erretiratzea erabaki zutela esateko.

ETBri eskainitako elkarrizketak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere Sorturi buruzko ekimena "atzeratzea" erabaki dutela jakinarazi du gaur goizean, ez dutelako "alderdi demokratikoen artean eztabaidan hasi nahi".

Eusko Legebiltzarrean Jose Antonio Pastorrek (PSE) eta Iñaki Oyarzabalek (PP) polemikari buruz hitz egin dute eta eztabaida itxitzat eman dute. Pastorrek azaldu du sozialistek ekimena "atzeratu" egin dutela, baina ez dutela "bertan behera utzi". Azaldu duenez, Euskadiko PPrekin adostasuna lortzen saiatuko dira proposamen honen inguruan.

Sozialistek iragarritako testuak "Zuzenbide Estatuaren alde" egiten duela uste du Pastorrek. Botere Judizialaren independentzia eta Sorturen inguruan epaileek hartuko duten erabakiaren errespetua aipatzen da dokumentuaren, PSEren esanetan.

Bestalde, Sorturen inguruko ekimena Legebiltzarrean ez eztabaidatzeko PSEren "konpromisoa" dutela azaldu du Iñaki Oyarzabalek.

"Datarik gabe" atzeratu egin dutela adierazi du popularrak. Testuaren inguruan adostasunik lortu arte ez dutela Osoko bilkurara eramango gaineratu du.

PSEri "emaitzak lortu dituen politikarekin" jarraitzeko exijitu dio Euskadiko PPk, baita alderdi bien arteko ituna "betetzeko" ere.

EAJ, EA eta EB

Iñigo Urkullu EAJren presidentearen iritziz, Sorturen legeztatzearen inguruan PSEk eta PPk hartutako azken erabakiak "zirko baten aurrean gaudelako ideia" indartu egin dute.

"Pista bakarra izan beharrean, hainbat pista eta hainbat aktore daude pista hauetan jarduteko", gaineratu du.

Joseba Egibar jeltzaleen Legebiltzarreko bozeramaileak, bere aldetik, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Patxi Lopez lehendakariari Sorturen legalizazioa babes dezala eta "Estatuko botereei" alderdi politikoen erregistroan sartzeko oztoporik ez dezatela jarri eskatuz.

Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuneko Legebiltzarreko bozeramaileak sozialistei "ausartak" izateko eskatu die, "Eguigurenek esan zuen bezala". Alderdi popularra egongo ez balitz bezala egin dezaten proposatu dio PSEri. Normalizazio politikoari buruz PSEk "ekimen proporik" ez duela uste du Agirrezabalak.

"Aurkeztu eta atzeratu egin duten ekimen honekin zera erakutsi dute sozialistek: Euskal Herriko normalizazioa lortzeko politika propiorik ez dutela", nabarmendu du.

Bestalde, Sorturen inguruko ekimena "atzeratzearekin batera" PSEk "ridikuloa" egin duela esan du Mikel Arana Ezker Batua-Berdeakeko legebiltzarkideak. PSEren helburu bakarra boterean mantentzea dela gaineratu du Aranak.

Bukatzeko, EAEko politika Euskadiko PPk zuzentzen duela adierazi du EBko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea