Politika -

'Proces' epaiketa

Kontseilari ohiek hartu dute hitza gaurtik aurrera; Turull lehena

10:00etan hasi da epaiketa. Turullek deklaratu ostean, Romeva, Rull eta Bassa galdekatuko dituzte. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat.

Jordi Turull. EFEren artxiboko irudia
Jordi Turull. EFEren artxiboko irudia
Jordi Turull. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak proces auziaren aurkako epaiketari berrekin dio gaur, asteartea, otsailak 19. Jordi Turull Presidentetzako kontseilari ohia izango da hitza hartzen lehena, eta geroago helduko dira, besteak beste, Raul Romeva Kanpo Arazoetako kontseilari ohiaren eta Josep Rull Lurralde kontseilari ohiaren deklarazioak.

Ohi legez, 10:00etan hasi da saioa. Oriol Junqueras ERC alderdiko buruzagiak ez bezala, Turullek alde guztiek egindako galderak erantzungo ditu (Fiskaltzarenak baita), salbuespen bakarrarekin: VOX herri akusazioaren galdeketari uko egingo dio, Turullen abokatuek aditzera eman dutenez.

PDeCAT alderdiko ordezkariarentzat 16 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak; Estatuko Abokatutzak, berriz, 11 urtekoa. Akusazioen arabera, urriaren 1eko publizitatea eta bozketaren logistika antolatu zituen, Informazioaren Telekomunikazio eta Teknologia Zentroaren bitartez.

Turullen adierazpenen ostean iritsiko da Raul Romevaren galdeketa. Azken honi ere 16 urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote. Oriol Junquerasen abokatu bera du Romevak, beraz, litekeena da Fiskaltzaren eta gainerako akusazioen galderei ez erantzutea.

Ustez, erreferenduma nazioartean legeztatzeko asmoz, Kataluniako Gobernuaren atzerriko kanpaina zuzentzeagatik zigortu nahi dute, alegia, Kataluniatik kanpo mezu independentista zabaltzen saiatzeagatik.

Aurreikusitakoaren arabera, Josep Rull izango da deklaratzen hirugarrena. Esan bezala, 16 urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre honek ere, epaia emateko orduan epaileak Fiskaltzaren eskaria kontuan hartzen badu. Fiskalen salaketek diotenez, Rullek galarazi egin zuen, erreferenduma saiheste aldera, hainbat polizia zeramatzan itsasontzi bat Palamoseko portura sartzea. Gainera, urriaren 1ean bozkatzera "animatu" zituen herritarrak.

Rullek, Turullek eta Jordi Sanchezek abokatu bera dute: Jordi Pina. Horregatik, estrategia bera erabiliko dute, eta Fiskaltzaren galderak erantzungo dituzte guztiek.

Egutegian zehaztu dutenez, deklaratzeko orduan, Dolors Bassaren txanda izango da, Rullen ondotik. Horrekin bukatutzat emango dituzte aste honetako galdeketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Junts per Catalunya gaur