Politika -
Katalunia
Espainiako Gobernua eta Generalitatea aurrez aurre, bizkartzainak direla eta
Bizkartzainek Torra presidenteari edo kontseilariei atzerrira laguntzeko baimen guztiak ukatu ditu Espainiako Barne Ministerioak, eta horrek Generalitatearen haserrea eragin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak ukatu egin die Quim Torraren bizkartzainei atzerrira joateko baimena. Horrenbestez, Generalitateko presidentea Esquadra Mossoen babesik joan da gaur Bruselara, Carles Puigdemontekin batera eman duen hitzaldira.
Miquel Buch Barne kontseilariak azaldu duenez, Espainiako Barne Ministerioak joan den otsailaren 14an jakinarazi zion Generalitateari prozeduran aldaketak egin zituztela eta aurrerantzean Esquadra Mossoak Espainiatik ateratzeko baimenak Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren bidez eskatu behar zirela, eta ez koordinazio polizialerako batzordearen bidez.
Harrezkero, bizkartzainek Torra presidenteari edo kontseilariei atzerrira laguntzeko Generalitateak egin dituen baimen guztiak atzera bota dituztela salatu du Buchek.
Irizpide aldaketa hori gogor kritikatu ostean, Mossoek Generalitateko kideei atzerrira laguntzeko baimenak onar ditzala exijitu dio Buchek Espainiako Gobernuari, gutxienez datorren martxoaren 4ra bitartean egindakoak; izan ere, egun horretan bilduko da Kataluniako Segurtasun Batzorde Mistoa aipatu gaia aztertzeko.
"Bistakoa da Espainian eskuin muturrak gora egin duela eta gerta daiteke pertsonaren batek neurriz kanpo protestatzea eta eraso egiteko nahia izatea", ohartarazi du Buchek.
Gauzak horrela, Kataluniako Barne kontseilariak baieztatu du Torra bizkartzainik gabe joan dela gaur Bruselara. Alabaina, ez du argitu zerbitzutik kanpo zegoen agenteren baten laguntza izan duen edo ez.