Politika -

Auzitegi Nazionala

377 urteko zigorra, Esther Cabezudoren kontrako atentatuagatik

2002ko otsailean Portugaleteko alkateordea hiltzen saiatzea leporatzen diete Asier Arzalluz eta Idoia Mendizabal ETAko kideei. Eraso hartan 18 pertsona zauritu zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 377 urteko kartzela-zigorra ezarri die Asier Arzalluz eta Idoia Mendizabal ETAko kideei 2002ko otsailaren 28an Esther Cabezudo Portugaleteko alkateordea hiltzen saiatzea leporatuta. Atentatu hartan 18 pertsona zauritu zituzten.

Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak gaur eman duen ebazpenean agertzen denez, Mendizabalek eta Arzalluzek 155.880 euroko kalte-ordaina eman beharko diote Cabezudori (PSE), 286.200 eurokoa Iñaki Torres bizkartzainari, eta 200.000 eurokoa gainerako biktimei. Era berean, eragindako kalteengatik milioi bat euro inguru ordaindu beharko dituzte.

Auzitegi Nazionalak dio frogatuta geratu dela 2002ko hasieran Mendizabal eta Arzalluz ETAren "Olaia taldeko" kideak zirela eta "armak" eta “lehergailu asko” zituztela Zornotzako (Bizkaia) etxebizitza batean.

Aipatu iturriek azaldu dutenez, Cabezudoren kontrako atentatua egiteko lehenik alkateordearen ohiturak aztertu zituzten eta 20 kilo titadine jarri zituzten Cabezudoren etxetik gertu dagoen atari batean, ezkutatuta.

2002ko otsailaren 28an, 09:10ean, alkatea eta bizkartzaina aipatu atariaren paretik pasa zirenean, lehergailuak eztanda egin zuen, baina ondotik pasa beharrean, espaloiaren beste aldetik pasa ziren Cabezudo eta Bizkartzaina, beraz, zauritu bai, baina ez zituzten hil.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea