Itxi

Politika

Ebazpena

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziaz emandako epaia irmoa da

eitb.eus

Hala, defentsari aukera bat zabaldu zaio Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea aurkezteko —urtebeteko epea du—.

  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Bateragune auziaz' emandako epaia irmoa da

    Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez Usabiaga. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Estatuak ez du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziaz emandako epaiaren kontrako helegitea aurkeztu, eta, ondorioz, sententzia irmoa da, Naiz-k eta Berria-k aurreratu dutenez.

Hala, defentsari aukera bat zabaldu zaio Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea aurkezteko —urtebeteko epea du—. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto zigortu zituzten auzian, jada beteta dituzte kartzela-zigorrak eta kalean dira, baina Otegik oraindik inhabilitazioa du eta horri buruzkoa argitu daiteke berraztertze helegitearen bidez.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuenez, Bateragune auziko zigortutakoek ez zuten epaiketa justu eta inpartziala izan. Ezker abertzaleko bost buruzagiek aurkeztutako babes helegitea tramitera onartu eta hiru urtera kaleratu zuen Estrasburgoko Auzitegiak epaia. Ezker abertzaleko buruzagiei arrazoia eman bazien ere, Auzitegiak ez zuen kalte-ordainik onartu (Rafa Diezen defentsak 40.000 euro eskatu zituen; gainerakoek ez).

Zehatz esanda, Auzitegiak uste zuen kasu honetan Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 6.1 artikulua urratu zela. Horren arabera, pertsona orok du epaimahai inpartzial eta independente batek epaitua izateko eskubidea.

Hala, aho batez, Espainia zigortu zuen Bateragune auziko zigortutakoek (Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto) Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra aurkeztutako errekusazio helegitea ez kontuan hartzeagatik.

Epai horren aurkako helegiterik ez planteatzeko gomendioa eman zuen Estatuko Abokatutzak, errekurtsoak aurrera egingo ez lukeela eta Espainiaren sinesgarritasunari kalte egingo liokeela uste zuelako.

Bateragune auzian zigortutakoak espetxetik irten badira ere, Auzitegi Nazionalak erakunde publikoetan lan egiteko eta hautatuak izateko gaitasungabetu zituen. Otegiren kasuan, 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztea eragotzi zion.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena