Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
San Jose: 'Ez digute itunpeko ikastetxeen gatazkan bitartekari izatea eskatu'
Bestalde, espetxe eskuduntzari buruz galdetuta, San Josek esan du "Euskadin transferentzia hori jasotzeko prest gaudela".
EiTB.EUS
Maria Jesus San Jose Enplegu eta Justizia sailburuak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan ziurtatu du ez duela inolako arazorik itunpeko ikastetxeen gatazkan bitartekotza lana egiteko, baina inork ez diola horrelakorik eskatu. "Gatazka askotan lagundu izan du bitartekariak egoteak. Halere, bi aldeek eskatzen diguten kasuetan soilik hartu ohi dugu paper hori", azaldu du.
Espetxe eskuduntzari buruz galdetuta, San Josek esan du "Euskadin transferentzia hori jasotzeko prest gaudela". "Ez gara hutsetik hasiko, alegia, esperientzia daukagu horretan", gogoratu du. "Gure asmoa da delitu bat egin duen pertsona ororen birgizarteratzea bultzatzea, eta eragindako mina aitortu eta presoak horren erantzule izatea", azaldu du.
Ildo horretan, martxoaren 13an Legebiltzarrak egingo duen osoko bilerari buruz hitz egin du. Izan ere, eskuduntza hori jasotzeko Jaurlaritza prestatzen ari den prozeduraz jardungo dute.
Laneko Ikuskaritzak aldi-baterako kontratuen harira egindako ikerketaz ere mintzatu da, eta Enplegu Sailak sustatutako kanpainen "eraginkortasuna" nabarmendu du. Alabaina, iruzur kasu gehienak ikuskaritzak berak harrotu izana deitoratu du: "Kontratu ilegalak salatzeko deia egin nahi dut", azpimarratu du.