Politika -

'Proces' auzia

Ostegunean deklaratuko du Urkulluk, lekuko gisa, prozesu independentistaren epaiketan

Ciuxart eta Forcadell akusatuen deklarazioekin ekingo diote berriz epaiketari. Asteazkenean, Rajoy, Saez de Santamaria eta Masen txanda izango da, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean / Artxiboko irudia: EFE.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean.
'Proces' auzian egindako bitartekaritza azalduko du Urkulluk ostegunean Gorenean

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean hasiko dira berriro Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketaren saioak, eta ostegunean, otsailaren 28an, Iñigo Urkullu lehendakariaren txanda izango da. Lekuko bezala deklaratuko du.

Lekukoak baino lehen oraindik deklaratu ez duten bi akusatuen ordua izango da: Jordi Cuixart, Omniumeko presidentea, eta Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko presidente ohia.

Fiskaltzak 17 urteko kartzela-zigorra eta 17 urteko inhabilitazioa eskatzen ditu Cuixartentzat, matxinada delitua egotzita. Estatuaren Abokatuak 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du bere kontra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita, eta Voxek 62 urteko kartzela-zigorra, bi matxinada delitu eta antolakunde kriminala egotzita.

Ministerio Publikoak independentzia lortzeko bidea antolatzeko bileretan parte hartzea egozten dio, eta bere mobilizatzeko gaitasuna azpimarratzen du. Jordi Sanchezi bezala, manifestazioetan erreferendum bat bozkatzeko deialdiak egitea egozten dio.

Defentsak Cuixarten biltzeko eskubidea eta eskubide zibil eta demokratikoak urratu direla uste du, eta ohartarazi du zigortzen badute nazioarteko Justiziak Espainia zigortuko duela giza eskubideak urratzeagatik.

Forcadellentzat ere 17 urteko kartzela-zigorra eta 17 urteko inhabilitazioa eskatzen du Fiskaltzak, matxinada delitua egotzita. Estatuaren Abokatuak 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, sedizioa leporatuta, eta Voxek 62 urteko kartzela-zigorra, bi matxinada delitu eta antolakunde kriminala egotzita.

Fiskaltzak deskonexiorako legeen eta erreferendumaren deialdiaren tramiteak eta onarpena baimentzea leporatzen dio, Konstituzio Auzitegiaren epaiak ez beteta. Kataluniaren aldeko ekitaldietan eta deialdietan parte hartu zuela ere azpimarratzen du akusazioak.

Forcadellen defentsak erreferendumetik eta independentzia deklaraziotik urruntzen du, eta erabakietan parte hartu ez zuela argumentatzen du. Parlamentuaren araudia baino ez zuela bete dio defentsak.

Lekukoen txanda, asteazkenetik aurrera

Asteazkenean eta ostegunean izango dira lehenengo hogei lekukoen deklarazioak. Horien artean dago lehendakariarena. Bakoitzak 30 minutu izango ditu.

Lekukoen txandan hartuko dute parte, lehendabizikoz, Voxen akusazio partikularreko abokatuek. Orain arte ez dute hitz egin, akusatuek horiei erantzuteari uko egin ziotelako.

Lehenengoa ERCko diputatu Joan Tarda izango da, eta horren ostean deklaratuko dute Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek eta Generalitateko presidente ohi Artur Masek. Kataluniako politikarien artean etorriko dira Espainiako Gobernuko presidenteorde ohi Soraya Saenz de Santamaria eta ministro ohi Cristobal Montoro.

Arratsaldean, 16:00etan, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiaren, Marta Pascal PdeCateko koordinatzaile nagusi ohiaren eta Nuria Gispert Parlamentuko presidente ohiaren txandak izango dira. Asteazkena itxiko dute CUPeko diputatu ohi Eulalia Reguanek eta Antonio Bañosek.

Otsailaren 28an, ostegunarekin, lehenengoa deklaratzen Urkullu lehendakaria izango da. Horren ostean hitz egingo dute ERCko diputatu Gabriel Rufianek, Kataluniako parlamentari ohi Albano Dante-Fachinek, Parlamentuko presidente ohi Ernest Benachek eta Bartzelonako alkate Ada Colauk.

Arratsaldeko txandan, Juan Ignacio Zoido Barne ministro ohiak, Xavier Domenech En Comu Podemeko bozeramaile ohiak, Josep Ginesta Generalitateko Lan idazkari orokorrak, Francesc Iglesias Gizarte Gai eta Familia idazkariak eta Adria Comella Catsaluteko zuzendariak deklaratzea aurreikusten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean