Politika -

Auzitegi Gorena

Fiskaltzak baztertu egin du Sortu ETArekin lotzeko zuen frogetako bat

- Sorturi buruzko txostenak egin zituzten agenteek lekuko gisa deklaratuko dute.

- ETA desagertuko ez dela dioten seinale argiak daudela adierazi du Guardia Zibilak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak baztertu egin du Sortu ETArekin lotzeko aurkeztu zuen frogetako bat, Auzitegi Gorenean egiten ari diren auzi-saio publikoan. Fiskaltzak ezker abertzalearen alderdi berria Barne Ministerioaren erregistroan ez sartzeko salaketa aurkeztu zuen froga batzuetan oinarrituta, eta horietako bat kentzea erabaki du.

Antonio Narvaez fiskalak Jose Javier Artola Zubillaga Sorturen sustatzaileari buruzko froga baztertzea eskatu du. Artolaren izenean zegoen bankuko kontu batean ezker abertzalearen kontrako makroprozesuetan auzipetuentzat dirua gordetzen zela zioen froga horrek.

Salaketaren arabera, kontu horretatik dirua jasotzen zutenen artean zeuden 18/98 makrosumarioan auziperatutako zenbait lagun.

Fiskalak esan du Artolak "behar den bezala justifikatu" duela kontu horretan Donostiako Informatikako Fakultateko kideei laguntzeko dirua biltzen zela, beraz, Sortu ETArekin lotzeko frogetatik kentzea erabaki du.

Agenteek lekuko gisa deklaratuko dute

Hori horrela, agenteek banan banan deklaratuko dute txostenei buruzko iritziak emateko, eta peritu gisa deklaratuz gero taldean emango lukete iritzia eta haien lekukotzak sinesgarritasun handiagoa izango luke esperientzia profesionalaren ikuspuntua izango lukeelako.

Era berean, epaileek Altsasuko Udalaren akta bat sartzea onartu dute. Bertan, Udalbiltzari babesa eman zioten eta zilegi jo zuten haren lana eta Fiskaltzari akusazioa kentzeko eskatu zioten.

Gainera, prozesuan sartuko dute, Sortuk hala eskatu duelako, Espainiako Poliziak Bateraguneri buruz osatutako txostena, Sortuk alegazioak aurkeztu ondoren kaleratu zutelako.

Deklarazioak

ETA "desagertuko ez" dela dioten "seinale argiak" daudela ziurtatu du gaur lekuko gisa deklaratu duen guardia zibil batek. "Guztiz kontrakoa" esaten duten "etorkizuneko egitasmoak" atzeman dituztela erantsi du agenteak.

"ETAk ekintza ezberdinak egin ditu, eta horietatik ezin dugu ondorioztatu desagertuko denik, kontrakoa baizik", adierazi du agenteak. Lekuko honek azaldu duenez, barne eztabaidaren prozesuan ETAren eta Batasunaren arteko desadostasunak agerian geratu baziren ere, ez da "inolaz ere" hausturarik izan arlo militarraren eta politikoaren artean. Bere esanetan, ezberdintasun hauek aspalditik gaindituta daude, izan ere, "sektore guztiek kohesioa bilatu zuten".

Guardia zibilak baieztatu duenez, "ETA-Ekin eta Sorturen artean ekintza bateratua dago". ETAren barnean "erreferente politiko berri bat sortzeko asmoa zegoen eta hura Sortu alderdi berrian gauzatu da", azpimarratu du agenteak.

Urriaren 7ko ekitaldian Sortuko bultzatzailerik ez zela izan adierazi du ezker abertzalearen alderdi berriaren aurkezpena kontrolatu behar zuen polizia-inspektoreak, nahiz eta beranduago iritzi publikoaren aurrean halaxe aurkeztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea