Politika -

NBEren operazioa Libian

EAJk Espainiaren parte-hartzearen alde bozkatuko du

EBBk Espainiaren esku-hartzea babestea erabaki du arratsaldean. PPk eta ICVk alde bozkatuko dutela iragarri dute; IUk, ordea, kontra.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihar Diputatuen Kongresuan egin beharreko bozketan Espainiaren esku-hartzea babestuko du EAJk, Euskadi Buru Batzarrak (EBB) arratsaldean erabaki duenez. Ondorioz, Gobernuaren erabakiaren alde bozkatuko dute jeltzaleek.

Afrikako herrialdean, operazio militarrean parte hartzeko erabakia babestea erabaki du azkenik alderdiaren zuzendaritzak.

"Azken asteetan Afrikako iparraldean eta azken egunetan Libian gertatutakoa ikusi ondoren, oso jende gutxik zalantzak ditu mendebaldean, baita Euskadin ere, Libiako diktadorearen aurka esku-hartze militar baten beharraren inguruan", adierazi zuen atzo Iñigo Urkullu EAJko presidenteak bere blogean.

Hala ere, jeltzaleak "ahalik eta informazio gehien biltzen" ari zirela azaldu zuen Urkulluk artikuluan.

Bozketa "aho batez" irabaztea espero du PSOEk

Bere aldetik, Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak adierazi du bozketa "aho batez" irabaztea espero dutela.

Alonsok berretsi du Espainiako Gobernuak NBEren nazioarteko operazioetan baino ez duela parte hartzen, "legezkotasuna eta zilegitasuna" baitute.

Horrenbestez, talde guztiekin hitz egin eta gero, Kongresuak "ia aho batez" emango duela baiezkoa uste duela esan du.

Mariano Rajoy PPren presidenteak iragarri du biharko bozketan aldeko botoa emango duela, izan ere, "ez dago ezer jendearen bizitza, eskubideak eta askatasunak baino garrantzitsuagorik".

PPren Zuzendaritza Batzordearen ostean Iruñean emandako prentsaurrekoan Rajoyk azaldu duenez, "herritarren bizitza babestu nahi dut, ez dute eta han gertatzen denaren errua".

Cayo Lara IUren koordinatzaile federalak, berriz, kontrako jarrera argia agertu du eta negoziazioaren eta diplomaziaren lanaren alde agertu da. Hori horrela, bihar kontra bozkatuko du.

Laia Ortiz ICVren bozeramaileak, bere aldetik, bihar eskuhartze militarraren aldeko botoa emango dutela esan du, baina Nuria Buenaventura diputatuak kritika egingo omen die nazioarteko herrialdeei Gadafiri armak saldu dizkiotelako "urte askotan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea