Politika -
Ekitaldia, Gasteizen
'Indar politiko guztien' parte-hartzea eskatu du Eudelek
Jokin Bildarratz Euskadiko Udalen Elkartearen presidenteak adierazi duenez, "bakoitzak bere lekuan jarriko du herriak, boza emanez". Maragall Kataluniako presidente ordea omendu du Eudelek.
Erredakzioa
"Legeari begirunea dioten indar politiko guztien parte-hartzearen" alde azaldu da Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea. Bere esanetan, "bakoitzak bere lekuan jarriko du herriak, boza emanez".
Bere agintaldia amaitzera doa aurten Bildarratz. Gaur, astelehena, Eudeleko Batzar Orokorra izan dute Gasteizen. Bertan, Pascual Maragall Kataluniako presidente ordea omendu dute, Europako organo erabakitzaileetan Eudelen presentzia sendotzen laguntzeagatik.
Maragall bere emaztearekin izan da ekitaldian. Ohorezko aurresku bat egin diote eta berak adierazi duenez, "nire emaztearekin aurreskua dantzatzea gustatuko litzaidake, bals bat balitz bezala". Gainera, Euskadi "maite" duela gogoratu du, bere ama "kasualitatez" Bilbon jaio zelako.
Alzheimerra duen presidente ohi katalanari makila bat oparitu diote. Maragallek baieztatu duenez, "udalak dira sistema politikoaren funtsa".