Politika -

'Proces' auziko epaiketa

Urkulluk esan du 'artekari lana' egin zuela Rajoyren eta Generalitatearen artean

Lehendakariak azaldu duenez, Carles Puigdemontek elkarrizketa 'bideratzeko' egindako eskaeraren ostean hainbat aldiz hitz egin zuen Espainiako presidentearekin.

Urkullu, bere deklarazioaren une batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Urkullu, bere deklarazioaren une batean
Urkullu: 'Lotura lanak egin nituen, blokeo egoerari irtenbidea bilatze aldera'

1:49

Eider Garaikoetxea | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lekuko gisa deklaratu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak 'proces' auziko epaiketan, eta 2017ko uda hartan "artekaritza lanak" egin zituela nabarmendu du, Kataluniako erreferendumaren harira sortutako "blokeo egoerari" irtenbide bat emateko asmoz.

Azaldu duenez, uztailaren 19an Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bildu zen Moncloan, eta irailean, hainbat aldiz mintzatu zen berarekin telefonoz (zehazki, irailak 20 eta 21 datak aipatu ditu).

Lehendakariaren esanetan, hilabete lehenago (ekainaren 19an) Carles Puigdemont Kataluniako presidentearekin batzartu zen. Buruzagi katalanak jakinarazi zioenez, bi gobernuen arteko hartu-emanak "erabat blokeatuta" zeuden, eta elkarrizketa "bideratzeko" eskatu zion. Zehaztu du bakarrik Kataluniako presidenteak eskatu ziola laguntza.

"Lotura, artekaritza lanak egin nituen"

"Pertsona batzuek bitartekaritza eskatu zidaten, batez ere Kataluniakoek. Beste batzuek artekari izateko galde egin zidaten, eta horixe egin nuen nik: lotura, artekaritza lanak egin nituen blokeo egoera haren aurrean", adierazi du.

Hala, "gure egitekoa akordioa bilatzea zela sinistuta", Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bildu zen. "Ondoren, Rajoyrekin batu nintzen, nirekin harremanetan jarri zelako. Hortik aurrera, asko izan ziren Kataluniako prozesuaren harira izandako hitzorduak. Urriaren 4tik aurrera, artekari izateko eskatu zidaten", erantsi du.

Francesc Homs Josep Rull kontseilari katalanaren defentsako abokatuak eskatuta deklaratu du gaur Urkulluk, eta hark egindako galderei erantzuteko eman ditu argibideok.

Espainiako presidentearen erreakzioa zein izan zen itauntzean, lehendakariak argitu du Rajoyk "esandakoa adi entzun" zuela, eta "egindako galderei erantzutera" mugatu zela. Dena dela, adierazi du presidentea "uzkur" agertu zela "Konstituzioaren mugak gaindituko lituzkeen edozein negoziazioren aurrean".

Iñigo Urkullu

Urkullu Gorenera heltzean. Argazkia: EFE

Hainbat proposamen egin zituen

Lehendakariak azaldu du "lauzpabost proposamen" egin zituela "hiru hilabetez elkarrizketa, akordioa eta distentsioa lortzeko". Proposamenotan, lan metodologia zehatz bat proposatu zuen, hiru aldeen ordezkaritzarekin. Xedea "elkarrizketaren bidez harreman egonkor bat" eskuratzea zela adierazi du.

Irailaren 21ean, Guardia Zibilak Generalitateko hainbat egoitza miatu zituenean, berriro hitz egin zuen Rajoyrekin. "Esan nion ezin zutela bide horretatik jarraitu, dena eskuetatik joaten ari zitzaiela", kontatu du.

U1etik aurrera, hartu-emanak ugaritu egin zirela azaldu du Urkulluk. "Urriaren 4tik 27ra, arlo guztietako buruzagiekin hitz egin nuen".

Rajoy "ez zen 155aren aldekoa" lehendakariaren ustez

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Espainiako gobernuburua ez zen "155 artikulua ezartzearen aldekoa, hitzez hitz halakorik esan ez bazidan ere". Era berean, uste du Carles Puigdemontek berak ere ez zuela aldebakarreko independentzia aldarrikapena nahi, eta "urriaren 10ean berretsi" zuela gaineratu du (egun hartan independentziaren ondorioak eten zituen Pugdemontek).

Urriaren 26an, ordea, Puigdemontek Urkulluri deitu zion jakinarazteko "ezin zituela hauteskundeak deitu, Sant Jaume plazan manifestariak eta bere alderdian presioak zituelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Mariano Rajoy Iñigo Urkullu Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean