Politika -

Estatu Departamentua

'Txeroki' terroristen zerrenda beltzean sartu dute AEBek

Miguel de Garikoitz Aspiazu Txeroki eta Jose Ignacio Reta de Frutos zerrenda beltzean sartu ditu AEBetako Estatu Departamentuak, ETArekin duten harremanagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel de Garikoitz Aspiazu Txeroki eta Jose Ignacio Reta de Frutos zerrenda beltzean sartu ditu gaur AEBetako Estatu Departamentuak, ETArekin duten harremanagatik.

AEBen eskumenen azpian dituzten ondasun guztiak izozten ditu erabaki horrek eta estatubatuarrei biekin negoziorik egitea debekatzen die, Estatu Departamentuak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.

Terrorismoari babesa ematen dioten terroristen eta lagunen zerrendan sartu ditu Hillary Clinton estatu-idazkariak. Estatu Departamentuaren zerrendan 30 bat ETAko ustezko kide agertzen dira egun.

Txeroki

Txeroki ETAko buruzagi militarra Frantzian preso dagoela gogorarazi du Estatu Departamentuak. Aspiazuk terrorismo akusazioei egin beharko die aurre Frantzian.

Valentziako Amerikako Koparen belauntzi txapelketaren aurka 2007an eraso terroristak prestatzea egotzi diote Txeroki-ri. Era berean, Madrileko Barajas aireportuan, 2006ko abenduan, egindako atentatua agintzea leporatu diote. Martxoan iragarritako su-etena hautsi zuen ETAk eraso horrekin.

Reta de Frutos

Bestalde, Reta de Frutos ETAko kide izan da hainbat urtetan zehar eta lehergaietan aditua da. Ihes eginda dago, zortzi urteko zigor bat betetzeko ez baitzen aurkeztu. 2008an Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin eta Askatasunarekin izandako harremanagatik zigortu zuten.

Hilketetan, bonbekin egindako atentatuetan eta diru-bilketan parte hartzea eta erakunde terroristari laguntzea leporatzen diote Reta de Frutosi. Guzti horrek "AEBen interesak mehatxatzen" dituela uste du Estatu Departamentuak.

ETA atzerriko erakunde terrorista izendatu zuten AEBek 1997an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea