Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Sorturen legalizazioari buruz eztabaidatzen ari da Gorena

- 61eko sala berezia batzartuta dago.

- Fiskaltzak adierazi du indarkeria errefusatzea ez dela nahikoa.

- Iñigo Iruin abokatuak nabarmendu du Sortu ez dela "inoren estalkia".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren 61eko sala berezia Sortu Barne Ministerioan erroldatzen utzi edo ez aztertzen hasi da gaur goizean, 10:00ak pasata, azken egunetan Fiskaltzaren, Estatuko Abokatutzaren eta ezker abertzaleko alderdi berriaren defentsaren argudioak entzun eta gero. Erabakia, baina, hurrengo egunetan jakinaraziko dute.

Epaimahaiaren aurrean, Manuel Rivero Estatuaren abokatuak adierazi zuen Sortu ETAren "enegarren ahalegina" dela erakunde demokratikoetan sartzeko, eta sektore militarraren eta politikoaren artean lehia izan duten itxurak baino ez dituztela egin. Hori dela eta, Sortu erroldatzea debekatu egin behar dutela esan zuen.

Antonio Narvaez fiskalak ere Sortu hauteskundeetara aurkeztea galarazteko eskatu zien epaileei. "Galtzek ez dute gizona egiten", gaineratu zuen. Horren hitzetan,"itxuraz" alderdiak legea betetzen du, baina "praktikan" ez du onartzen, ez baitu "lotura" hautsi ETArekin.

Azkenik, Iñigo Iruin Sorturen abokatuak legeztatzea eskatu zuen, alderdiaren kargudunek bakearekin konpromisoa izango baitute, nahiz eta erakunde terroristak su-etena bertan behera utzi. "Ez dago atzera bueltarik", azpimarratu zuen Iruinek, eta Sortu ez dela "inoren estalkia" erantsi zuen. Halaber, Sortu indarkeriaren behin betiko amaiera lortzeko "baliabide eraginkorra" izango dela adierazi zuen.

Asteleheneko saioa

Herenegun, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren lau lekukok deklaratu eta ETAk armak uzteko asmorik ez duela adierazi zuten.

Saio horretan, gainera, Sorturen defentsak kritikatu egin zituen Guardia Zibilaren itzulpenak, haien kontra aurkeztutako frogetako bat euskaratik gaztelaniara gaizki egindako itzulpen baten ondorio baita. Izan ere, ETAri atzemandako agiri batzuetan Sonia Respaldiza Sortuko sustatzailearen izena agertu zen, eta ondoan "ikutun gabe" (sic) oharra. Gaztelaniara itzultzean, agenteek ETAk Respaldiza "ukitu" egin zuela idatzi zuten, eta hortik ''borroka armatuan'' sartzeko interesa zuela ondorioztatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea