Politika -
Bakea eta bizikidetza
Urkullu, Etxeratek egindako adierazpenari buruz: 'Urrats bat gehiago da'
Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren esanetan, berriz, ez da nahikoa: "Etxeratek sinesgarritasuna izan nahi badu presoei egiten zaizkien ongietorriak amaitzea eskatu behar du".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak positibotzat jo du euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak ETAren biktimei barkamena eskatuz egin duen adierazpena: "Ibili beharreko bidean urrats bat gehiago da".
Lehendakariak Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako alkatea hartu du gaur Gasteizen, eta harekin bildu osten egin ditu adierazpenok.
Urkulluren iritzian, adierazpen horren edukia ezker abertzaleak 2012an Donostiako Kursaal Jauregian egin zuen adierazpenaren "oso antzekoa" da. Hori bai, zehaztu du Etxerat presoen senideei laguntzeko eta babesa emateko elkartea dela, eta ez ardura politikoak eta instituzionalak dituen erakundea.
"Enpatiarako eta hurbiltze humanorako borondatea" agertu duela azpimarratu du lehendakariak, eta bide horretan urratsak ematen jarraitzeko deia egin dio Etxerati nahiz beste elkarte batzuei.
Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak garrantzia kendu dio adierazpenari. Etxeratek ETAren biktimei begirunea adierazi nahi badie, German Urizar presoari igandean Bilbon egin zioten ongietorria gaitzetsi beharko lukeela adierazi du.
"Pentsaezina litzateke Sevillako Ferian 'El Cuco'ri edo 'La Manada'ko zigortuei omenaldi publiko bat egitea", esan du.
Lozak uste du Etxeraten adierazpena "positiboa" dela, baina ez dela nahikoa. "Oso urrats txikia da, adierazpenean preso politikoek eta gatazka politikoaz hitz egiten jarraitzen dutelako; ezker abertzaleak erabili ohi duen parafernalia bera da", kritikatu du.
Gauzak horrela, Etxeratek ETAren biktimekiko enpatia erakutsi nahi badu, "ongietorri gehiagorik ez egiteko eskatu behar liokete ezker abertzaleari eta presoei".