Politika -

Epaiketa prozesu soberanistari

De los Cobos: 'U-1ean indarkeria bikain erabili zuten poliziek'

U-1eko erreferenduma eragozteko Poliziaren koordinazio arduradunak adierazi duenez, “ez zuten boto-emaileen aurka egin”.

Diego Perez de los Cobos, Auzitegi Gorenean / Argazkia: EFE.
Diego Perez de los Cobos, Auzitegi Gorenean.
Diego Perez de los Cobos, Auzitegi Gorenean / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

U-1ean “boto-emaileen kontra egin ez” zutela argi utzi nahi izan du Diego Perez de los Cobos teniente koronelak, bakarrik hauteslekuetara sartzea eragozten zutenen aurka. Erreferenduma eragozteko Poliziaren koordinazio arduradunaren hitzetan, “poliziek indarkeria bikain erabili zuten”.

Kataluniako prozesu soberanistaren aurkako epaiketan lekuko gisa deklaratu du De los Cobosek, Fiskaltzak eskatuta. Matxinada delitua frogatzeko, indarkeria kontakizuna babesteko funtsezko testigantza dela uste du fiskalak, koronelak Esquadra Mossoen, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren lana koordinatzeko ardura izan zuelako.

Agindu judiziala betetzeko lokaletara sartzea eragozten zuten pertsonen aurka soilik egin zutela azaldu du De los Cobosek, baina beti “proportzionaltasun apartarekin”. “Ez zuten boto-emaileen kontra egin”, erantsi duenez.

Guardia zibilaren ahotan, “indarkeria egoera oso larriak izan ziren kasu batzuetan”, esaterako, “guardia zibil batek ostikoa buruan jaso zuen lurrean zelarik”.

De los Cobos: "Indarkeria egoera oso larriak izan ziren kasu batzuetan"

Koronelaren hitzetan, Esquadra Mossoek erreferendumaren bezperako egunetan hauteslekuetara egin zituzten bisitak, Poliziaren ekintza egitasmoen berri emateko aprobetxatu zituzten; hau da, zentroak jendez gainezka edo adingabe eta adineko pertsonen presentzia baldin bazegoen ekiterik ez zutela jakinarazteko.

Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagiarekin izan zuen “harreman zaila” azaldu du guardia zibilak. Erkidegoko Poliziak erreferenduma eragozteko agindu judizialak beteko ez zituela uste zuen Estatuak, eta susmoa U-1ean baieztatu zen, De los Cobosen ustez.

Perez de los Cobosen esanetan, mossoek bozketako lokaletara egindako bisitek “kontrako helburua izan zuten”, eta horren berri “ondoren” izan zuen. Urriaren 1eko 06:00ak baino lehen itxi behar zirela ohartarazi beharrean, “jendetza” aurkitzen baldin bazuten “indarkeriarik sekula” erabiliko ez zutela jakinarazi zuten mossoek.

Enric Millo Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia Katalunian. Argazkia: EFE

Enric Millo, Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkaria. Argazkia: EFE

Enric Millok, Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkariak, Carles Puigdemonti ohartarazi zion erreferendumarekin "planteamendu suizida" bat bultzatzen ari zela, eta presidente ohiak zera erantzun zion: "Nik ezin dut atzera egin".

Hori deklaratuko du Millok Auzitegi Gorenean egiten ari diren Kataluniako prozesuaren epaiketan. Esan duenez, Puigdemontekin izandako bileretan beti "aulki hutsa" aurkitu zuen, presidente ohiari interesatzen zitzaion bakarra erreferenduma egiteko "onespena" lortzea zen.

"Egoera horri buelta emateko aukera bakarra Puigdemontek planteamendua zuzentzea zen, buru-argitasun fase bat izatea, baina tamalez hori ez zen gertatu", esan du Millok. Bere iritziz, Kataluniako presidente ohia eta presidenteorde ohi Oriol Junqueras ez ziren "inoiz" egon "atzera egiteko" prest".

Nabarmendu duenez, bileretan beti gogoratzen zion Puigdemonti Generalitateko presidentea bezala, legea eta epaitegien esana bete egin behar zituela.

Puigdemont "planteamendu suizida" uzteko konbentzitzen saiatu zen Millo

"Oso bide txarra zela pentsarazten saiatu nintzen", azpimarratu du Millok. Beti utzi zion argi Puigdemonti ez zela autodeterminazio erreferendum bat hitzartzeko modurik, subiranotasun nazionalaren inguruan ez zegoelako "ezer negoziatzeko".

Buruzagi independentistek emandako bertsioaren kontrakoa esan du Millok, hau da, bien arteko bileretan "aulki huts" bat uzten zuena Puigdemont izan zela.

"Ez zidan ematen erantzunik, soilik legez kontrako ekintza bat egiteko baimentzea", esan du Millok. Nabarmendu duenez, ez zuen inoiz ezkutatu bere helburua erreferenduma egitea zela, kontatzen zionez, independentzia deitzeko bide-orria burutzeko "agindu demokratikoa".

Bere "planteamendu suizida" uzteko konbentzitzen saiatu zen Puigdemont, ziur zegoelako horrek Kataluniako gizartea zatituko zuela eta bizikidetza arazoak sortuko zituela. Deitoratu duenez, beti erreferenduma deitzea besterik ez zuela egin ahal izango esaten zion Puigdemontek.

Izena, azken bileretako batean, ekainaren 6an, erreferenduma ez deitzeko errepikatu zion berriz, eta presidente ohiak zera erantzun zion, irmo: "Nik ezin dut atzera egin, alde ditut indar parlamentarioak, erreferenduma bultzatzen, ez dut modurik ikusten… nik erreferenduma deituko dut eta gero hitz egiten jarraituko dugu".

Momentu horretan ohartarazi zion Puigdemonti erreferenduma deitzea "inflexio puntu itzulezin bat" ekarriko zuela. Egun batzuk geroago, galdeketa deitu zuen.

"Fairyren tranpa"

Indarkeriazko gertaera asko aipatu ditu Millok. Tartean, bere alabak garbitu behar izan zituen "Millo heriotza" pintadak eta U-1ean poliziek sufritu behar izan zuten "Fairyren tranpa".

Ordezkari ohiak kontatu duenez, "Fairyren tranparen" bidez, bozketa puntuak babesten ari ziren ekintzaile independentistek garbigarria bota zuten zentroetako ateetan, poliziek heltzean irrist egin zezaten, lurrera jausi zitezen eta euren buruak ostikatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean