Politika -

TORTURAK

Muñecas kapitainaren aurkako lau salaketa aurkeztu dituzte Donostian, torturengatik

Arantxa Markaide, Aitor Aramaio, Mikel eta Josu Arrizabalagak 1976an Guardia Zibilaren Antiguako kuartelean sufritutako torturak salatu dituzte Donostiako epaitegietan.

Jesus Muñecas Guardia Zibilaren kapitaina. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia
Jesus Muñecas Guardia Zibilaren kapitaina
Jesus Muñecas Guardia Zibilaren kapitaina. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Muñecas Aguilar Guardia Zibilaren kapitainaren aurkako lau salaketa berri aurkeztu zituzten, atzo, Donostiako epaitegietan, 1976an pairatutako torturengatik.

Frankismoko krimenen aurkako euskal plataformako kideez lagunduta, Arantxa Markaide, Aitor Aramaio, Mikel eta Josu Arrizabalagak 1976an Guardia Zibilaren Antiguako kuartelean sufritutako torturak salatu zituzten Donostiako epaitegietan. Josu Arrizabalagaren izenean Jon anaiak aurkeztu zuen salaketa, gaixo zegoelako.

Zehazki, 1976ko apirilean Guardia Zibilaren Antiguako kuartelean pairatutako torturak salatu dituzte. Salatzaileek hainbat egun egin zituzten atxilotuta Antiguako kuartelean, hiru eta sei egun artean, norberaren bizilekuan, Arrasaten eta Ondarroan, atxilotuak izan ondoren.

Josu Ibargutxi plataformako kideak azaldu duenez, lau pertsona horiek epaitegietara jotzea erabaki dute Espainiako epaileren batek "izapideak abiatzeko" eta Muñecas kapitainaren eta beste hainbat guardia zibilen "ekintza kriminalak" ikertzeko ausardia izango duten itxaropenarekin.

Urtarrilaren 16an beste sei pertsonak 1975ean eta 1976an Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturak salatu zituzten Tolosako epaitegian.

Ibargutxik azaldu duenez, Muñecas kapitaina 1960ko hamarkadaren amaieraren eta 1976a bitartean egon zen Gipuzkoan, "zigortu eta beste toki batera lekualdatu zuten arte".

Plataformako kideak aurreratu zuenez, segur aski biktima gehiagok aurkeztuko dituzte Muñecas kapitainaren aurkako salaketak.

Epaitegiaren sarreran, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten "egia eta justizia" aldarrikatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostia albisteak Epaiketak argazkiak Salaketak argazkiak Albisteak Gaur Albisteak Frankismoa albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan