Politika -

Inskripzioa, debekatuta

Sorturen pausoak ez direla nahikoa izan ondorioztatu du Patxi Lopezek

Sortuk orain "ETArekiko harremana argiago hausteko" aukera duela uste du. Gorenean izandako desadostasunek agerian uzten omen dute "erabakia ez dela erraza izan".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariaren ustez Auzitegi Gorenak Sorturi ezarri dion debekuak agerian uzten du alderdiak legezko izateko eman dituen pausoak ez direla nahikoa izan. Hori horrela, ezker abertzaleak orain Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezten badu "ETArekiko harremana argiago hausteko aukera" duela iritzi dio.

Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Auzitegi Gorenaren ebazpenarekin argi geratu da "Zuzenbidezko Estatu batean bizi garela eta botereak bereizita daudela", eta horri esker Auzitegiaren prozesu juridikoa "berme guztiekin" egin dela.

Epaia "errespetatu" egiten duela azpimarratu ondoren, "agente politikoei, sozialei eta erakundeei gauza bera" egiteko deia egin die. "Sistema demokratikoari ezin zaio zilegitasuna kendu, ezin dugu erori haren kontra borroka egin dutenen jokoan", gaineratu du.

Lehendakariaren esanetan, ebazpenean eman dituzten hiru boto partikularrek agerian uzten dute "erabakia ez dela erraza izan", baina errua ezker abertzaleari leporatu dio: "Eman dituen pausoak ez dira nahikoa izan auzitegiak konbentzitzeko".

"Denoi gustatuko litzaiguke ezker abertzaleak iraganarekiko eta indarkeriarekiko haustura argiagoa egitea, horrela ez bailitzateke zalantzarik egongo bere jarreraren eta asmoen inguruan", azpimarratu du Patxi Lopezek.

Irmotasuna eta oinarri demokratikoak

"Orain egin beharrekoa" irmotasuna eta oinarri demokratikoak mantentzen jarraitzea dela adierazi du lehendakariak. Horrela, "sistema demokratikoa, auzitegiak eta erakundeak errespetatzen eta babesten" jarraitu behar direla esan du agintariak.

Bere blogean argitaratutako artikulu batean, Sorturen epaiaren edukia oraindik ezagutzen ez duela azaldu du Lopezek, balorazio "sakonago" bat egin ahal izateko. "Zuzenbidezko Estatu batean bizi garela" baieztatzen du epaiak, lehendakariaren ahotan. "Botere banaketa dago eta, ondorioz, ebazpen hau berme guztiekin erabaki dute", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea