Politika -
Auzitegi Gorena
Sortu: 'PSOEk eta PPk diseinatutako estrategia jarraituz erabaki dute'
Auzitegi Gorenak hartutako erabakia gogor kritikatu du Sortuk. "Erabaki politikoa" izan dela azpimarratu du ezker abertzalearen alderdiak.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak hartutako erabakia "oinarri politikoa" duela salatu du gaur Sortu ezker abertzalearen alderdiak. "PSOEk eta PPk" diseinatutako estrategia jarraituz hartutako "erabaki politikoa" izan dela nabarmendu dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Testuan, Sortuk aurkeztutako estatutuek "Alderdien Legea" betetzen dutela azpimarratu dute.
"Legeak berak ezartzen dituen baldintzak bete egin ditugu. Estatuaren Abokatutzak zein Fiskaltzak Sortu-ren legeztatzearen aurka jarririko helegiteak ikuspegi juridikoa alboratu eta susmo, aurreiritzi eta ikuspegi politiko zehatz batzuetan oinarritu dira.", gaineratu dute.
Auzitegi Gorenak hartutako erabakia "kontraesan nabari" dituela uste du Sortuk, eta "argudio juridikoak" baztertu egin dituztela adierazi du.
"Euskal Herrian zabaltzen ari den ilusioari ateak ixteko saiakera" egitea leporatu dio alderdiak Espainiako Gobernuari.
Hala ere, "ezker abertzalearen legeztatzearen alde euskal herritarrengan dagoen iritzi orokortuak normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egitea ahalbidetzen duten urratsak dira", Sorturen ustez. "Horixe gure helburua, eskubide guztiak aitortuak eta errespetatuak izango diren egoera irekitzea Euskal Herrian", gaineratu dute.