Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Otegi: 'Lehendakariaren obsesioa da ezker independentista ahultzea'
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, Urkulluk "interes politikoa bilatzen du EH Bilduri, inkisizio denboretan bezala, beti oker jokatu izan duela aitortzeko eskatuta".
EiTB.EUS
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritikatu du Iñigo Urkullu lehendakariaren asmoa dela "ezker independentista ahultzea", eta salatu du "interes politikoa bilatzen duela koalizio abertzaleari, inkisizio denboretan bezala, beti oker jokatu izan duela aitortzeko eskatuta". Gainera, "ezker independentista zein gaiztoa den erakutsi nahian edo", EAJk "PP, Ciudadanos eta Vox alderdien ahotsekin bat egitea" deitoratu du.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da Otegi, astearte honetan. Bertan egin dioten elkarrizketan ziurtatu du lehendakaria "beti berdinen aurka" agertzen dela, modu "erasotzailean", gainera. "Arazo bat dauka, ezker independentistarekin obsesionatuta dago, eta gu baztertzeko trikimailuak bilatzen ditu, horren jakitun izanda", gaineratu du.
Otegiren iritziz, arazoaren erroa ez da ETAren indarkeria "bidezkoa" izan zen ala ez adieraztea, "lehendakariaren helburua da ezker independentistak publikoki aitortzea beti oker jokatu izan duela, horrek interes politikoa emango diola iritzita". "Izan ere, 40 urtez oker ibili bazara, etorkizunean alternatiba izateari uko egiten diozu", esan du.
Hauteskunde osteko agertoki posibleei buruz galdetuta, Otegik baieztatu du, "hasiera batean, behintzat", ez diola Pedro Sanchezi eskatuko autodeterminazio eskubidea onartzeko, haren alde botoa ematearen truke. "Gisa horretako kontuak ez dira modu horretan planteatzen, alegia, publikoki eta hasiera batetik", nabarmendu du.
EH Bilduk ERCrekin egindako aliantzaren inguruan ere mintzatu da, eta itxaropena agertu du Asturiasko, Galiziako, Aragoiko edo Kanaria Uharteetako alderdiek ere haiekin bat egiteko. Bestalde, Espainiako Gobernurako presidente berri bat aukeratzeko orduan, "bi aukera soilik" ikusten ditu Otegik: zuri-beltzean eta atzera begira bozkatzea (PPri, Ciudadanosi eta Voxi zeharkako aipamena eginez) edo politika alternatiboen aldeko apustua egitea, "ezker subiranistaren eskutik".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du