Politika -
Hauteskundeak
Elkarrekin Podemos jaio da udal eta foru hauteskundeetarako, 'irmoagoak' izateko
Estreinakoz, Elkarrekin Podemos izenarekin aurkeztuko dira udal eta foru hauteskundeetara. "Indartsuagoak, esanguratsuagoak eta irmoagoak izango gara etapa berri honetan", esan du Lander Martinezek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek akordioa lortu dute, estreinakoz eta Elkarrekin Podemos izenarekin, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko. Helburua da "garrantzitsuagoak eta irmoagoak" izatea.
Legebiltzarrean izen hori du koalizioak, eta apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan ere Elkarrekin Podemos izenarekin aurkeztuko dira.
Hain zuzen ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru hauteskundeetan, Podemoseko hautagaiak izango ditu zerrendaburu Elkarrekin Podemosek ia kasu guztietan. Udal hauteskundeetan, baina, hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte, gutxienez 50 udalerritan.
Ostiral honetan sinatutako itunaren berri Lander Martinez Podemos-Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak, Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak eta Stella Garcia Equo-Berdeakeko Koordinazio Mahaiko kideak eman dute, Bilbon.
"Indartsuagoak, esanguratsuagoak eta irmoagoak izango gara etapa berri honetan", esan du Lander Martinezek. "Podemosen aldetik, koalizio honek etorkizun luzea dauka", adierazi du.
"Agertoki euskaldun, ezkertiar eta beharrezko baten alde ari gara lanean. Azken hiru urteotan erakutsi dugu euskal herritarron aniztasuna inork ez bezala islatzen dugula", nabarmendu du.
Bukatzeko, Martinezek argi utzi du "ilusio handiz" zabalduko dutela koalizioa EAEko udaletara eta Batzar Nagusietara, eta azpimarratu du "Euskadi ezin da ulertu Elkarrekin Podemos gabe, EAJren politika neoliberalen hautabidea delako".