Politika -
Hauteskunde orokorrak
Maroto, Bea Fanjul eta Iñigo Arcauz, PPren zerrendaburuak EAEn
Bea Fanjul, Euskadiko PPren gazteen burua, eta Iñigo Arcauz dira berritasunak. Hirurek egin zuten Pablo Casadoren alde primarioetan.
Agentziak | Erredakzioa
Beatriz Alvarez Fanjul, Iñigo Arcauz eta Javier Maroto izango dira PPren Diputatuen Kongresurako zerrendaburuak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hurrenez hurren, 2019ko hauteskunde orokorretan. Hirurek egin zuten Pablo Casadoren alde PPko presidentea aukeratzeko bozketan.
Fanjul, Euskadiko Belaunaldi Berrietako idazkari orokorra, eta Arcauz dira berritasunak.
Bizkaian belaunaldi jauzi handia izango da. Bea Fanjulek 27 urte ditu, eta Leopoldo Barreda beteranoa ordezkatuko du zerrendan.
Getxoztarra iaz egin zen ezaguna, Gregorio Ordoñez hildakoa goraipatzen zuen hitzaldi batean: "Ez dira geratzen bera bezalako politikoak. Ez Euskadin ezta Espainian ere. Beldurrik eta konplexurik gabeko politikariak". Ordoñezen garaian, PPn "mezu argi bat geneukan", gehitu zuen.
Gipuzkoan ere aurpegi berri bat izango da. Iñigo Arcauz Ascargorta, 40 urtekoa, izango da zerrendaburua. PPk azken hauteskundeetan ez zuen eserlekurik lortu.
Arcauz zinegotzia izan da Elgoibarren eta Donostian, eta ahalduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Casadoren alde eginda, Gipuzkoako PPren gehiengotik aldendu zen.
Arcauzen izendapenari buruz ez diote Gipuzkoako zuzendaritzari kontsulta egin. Izan ere, ofizialki ere ez diote jakinarazi, alderdiko iturrien arabera.
Lurralde honetan Borja Semper buru duen alderdiko zuzendaritzarekin desadostasunak ditu Arcauzek. Semperrek Casadoren lehiakidea izan zen Soraya Saenz de Santamariaren alde egin zuen primarioetan.
Araban, Javier Maroto diputatua izango da zerrendaburua.
2011 eta 2015 artean Gasteizko alkatea izan zen. Azken hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izan zen PP, baina Maroton ez zuen beharrezkoa zuen babesa eskuratu berriz alkatea izateko, eta Diputatuen Kongresuan bukatu zuen, Alfonso Alonso ordezkatuz. PPren Antolakuntza idazkaria da, hau da, alderdiko hirugarrena.