Politika -

OSAKIDETZA LEP ESKANDALUA

Darponek dimititu ondoren EAJk autokritikarik egin ez izana kritikatu du oposizioak

"Hemen ez dago arazorik oposizioarekin, Osakidetzako oposizioekin baizik" erantzun dio EH Bilduk EAJri. PSEk uste du Ortuzarrek "zentzugabekeriak" esan dituela, eta "umekeriak" Podemosen iritziz.

Iker Casanovak (EH Bildu) "Cristiano Ronaldo sindromea izatea" leporatu dio EAJri.
Iker Casanovak (EH Bildu) "Cristiano Ronaldo sindromea izatea" leporatu dio EAJri.
Darponen dimisioaren inguruan jarrera 'neurrigabea' izatea leporatu diote EAJri

21:29

AGENTZIAK | ERREAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatero bezala, EAEko kolore guztietako parlamentariak bildu dira Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioan, azken gertakarien inguruan eztabaidatzeko. Osakidetzako azken Lan Eskaintza Publikoan izandako ustezko filtrazioen kasuagatik dimisioa eman du aste honetan Jon Darpon Osasun sailburu ohiak, goraipatu egin du haren lana Urkullu lehendakariak, eta gogor kritikatu, berriz, oposizioak. Atzo, gogor jo zuen Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak oposizioaren kontra, "mendekatiak, sinpleak.." etab. izatea leporatuz eta "kalte egiteko bakarrik elkartzen direla" gaineratuz (adierazpenak gaztelaniaz).

Horiek guztiak hizpide izan dituzte gaur goizean eta guztiek, EAJko ordezkariak salbu, gogor kritikatu dute Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera, gogoratuz ez diotela delitu bat egitea leporatu Darponi, baizik eta ardura politikoak izatea irregulartasun kasu honetan.

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkidearen iritziz, "jazarpen kasu argi bat izan da, baina ez Darponen kudeaketaren aurka, Eusko Jaurlaritzaren aurka baizik". Eta horregatik, argi utzi nahi izan du Darponek "ez duela dimititu gaizki egin duelako, Exekutiboari kalterik ez eragiteko baizik".

Oso bestelako iritzia plazaratu du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak. Casanovaren iritziz, azken orduotan oposizioari egindako kritikekin, EAJk "distrakzio operazioa" jarri du martxan: "Hemen ez dago arazorik oposizioarekin, Osakidetzako oposizioekin baizik" erantzun dio EAJri. "Gobernua ez da gai izan Osakidetzako oposaketen zati batean iruzurra eragozteko, eta behin zantzuak agertu direnean, ez da gai izan arazoa konpondu eta garbiketa prozesuaren buruan jartzeko; eta horregatik, sailburu hori inhabilitatuta zegoen jada karguan jarraitzeko" hausnartu du.

"Cristiano Ronaldo sindromea" izatea ere leporatu die jeltzaleei: "tituluak irabazten ditu eta golak sartzen ditu, baina ez daki ez irabazten ez galtzen" eta jeltzaleek "autokritika arrastorik ez dutenez, kasketa harrapatu dute eta oposizioaren kontra jotzea erabaki dute".

Podemoseko Jon Hernandezek gogorarazi du Darponi ez zaiola deliturik leporatzen, baina "ardura politikoa" duela, eta EAJk "umekeriekin" erantzun diela "gertaera oso larri batzuei", "ahulezia erakutsiz".

Eneko Andueza sozialistak esan du Justiziari bere lana egiten utzi behar zaiola gertatutako argitzeko, baina kritikatu egin du atzo Ortuzarrek esandakoa, "zentzugabekeria baita, adibidez, oposizioari Espainian bezala jokatzea leporatzea".

Azkenik, Javier Ruiz Arbulo PPko ordezkariak ere nabarmendu du Darponi "gaia ondo ez kudeatzea" besterik ez zaiola leporatu eta sailburu ohiaren "desgaste operazioaren arduradun nagusia Urkullu" lehendakaria dela gaineratu du "karguan mantendu duelako, nahiz eta dimisioa behin baino gehiagotan aurkeztu zion".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Andoni Ortuzar Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi