Politika -

Foro soziala

Poliziaren biktimen hamarretik bik soilik jaso du aitortza, gaur salatu dutenez

Foro Sozialak "estamentu ofizialetatik egindako indarkeriaren biktimen" txostena helaraziko die datozen asteotan alderdi politikoei eta erakundeei.

Foro Sozialaren batzarra, Donostian. Argazkia: EiTB
Foro Sozialaren batzarra, Donostian. Argazkia: EiTB
Foro Sozialaren batzarra, Donostian. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi du "estamentu ofizialetatik egindako indarkeriaren biktimen" txostena egingo duela, eta datozen asteetan alderdi politikoei eta erakundeei helaraziko diela, kolektibo horrek salatzen duen "diskriminazioari ahotsa emateko".

Kolektiboak bilera egin du gaur Donostian "poliziaren indarkeriaren biktimekin, bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko aitortza ofizialari dagokionez".

Batzarraren ostean Foro Sozial Iraunkorrak azaldu duenez, biktimek "estamentu ofizialek erabat diskriminatu dituztela" sentitzen dute, eta "biktimizazio bikoitza" pairatzen dutela adierazi diete, "susmagarri" sentitzen direlako "sektore politikoaren, sozialaren eta hainbat hedabideren aurrean".

Foro Sozialak jakinarazi du 18 biktimaren senideek parte hartu dutela gaurko batzarrean: "Poliziak hildakoak, torturaren ondorioz hildakoak, arbitrarioki hildakoak, gerra zikinak hildakoak, indarrez desagerraraziak, salbuespeneko kartzela politiken aplikaziopean hildakoak, sakabanaketa edo urruntze politiken ondorioz hildakoak, erbesteratuta zeudela hildakoak, torturen biktimak eta poliziak larri zauritutakoak".

Foro Sozial Iraunkorrak biktimei esan die "oso garrantzitsua" dela "aitortzarik ez duten biktimen errealitatea sozializatzea", "euskal gatazka deiturikoaren barruan izan diren sufrimendu guztiak ezagutarazteko, errekonozitzeko eta konpontzeko".

Egiari Zor Fundazioak "estamentu ofizialek sustatutako edo zuzenean egindako indarkeriaren ondorioz hildako pertsonen kopurua" aurkeztu du batzarrean: 364. Baina salatu duenez, "soilik 82 biktimak jaso dute errekonozimenduren bat, % 22,5".

Gainera, EAEn 3.415 pertsonak pairatutako 4.113 tortura kasu zenbatu ditu. Auzitegiek 31 pertsonarenak soilik aitortu dituzte, hau da, % 0,9 baino gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Polizia indarkeriari buruzko albisteak