Politika -
Hauteskundeak
Euskal alderdiek Espainiako eskuindarren kontra jo dute kanpainaurreko ekitaldietan
Ortuzarrek EAJri botoa emateak "balio bikoitza" duela esan du, "eskuindarrak gelditzeko eta Euskadi defendatzeko" delako. Matutek, berriz, esan du EH Bildu dela "eskuinak aurrera ez egiteko bermea".
agentziak | erredakzioa
Alderdi politikoek hauteskunde kanpainaurrean murgilduta jarraitzen dute hauteskunde orokorretarako hilabetetik gora eta udal eta foru hauteskundeetarako bi hile geratzen diren honetan.
Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ohartarazi du "zirko" giroa dagoela Espainiako politikan, eta euskal herritarrei eskatu die "errezeloa" izateko Euskal Herrira etorri eta "gezurrekin" hautesleria "engainatu" nahi dutenekin. Jeltzaleen buruak PP eta Ciudadanos kritikatzeaz gain, PSOE eta Podemosen aurka ere jo du, eta EAJri botoa emateak "balio bikoitza" duela esan du, "eskuindarrak gelditzeko eta Euskadi defendatzeko" delako.
Oskar Matute EH Bilduren diputatu eta hauteskunde orokorretarako zerrendaburuak, berriz, azpimarratu du koalizioa dela "eskuindarrek aurrera ez egiteko bermea", eta ohartarazi du faxismoa ez dela gelditzen "berekin negoziatzen".
Bestalde, Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak esan du, gaur egun, Hauteskunde orokorren eta udal eta foru hauteskundeen atarian, ez dela EAEn bozen aurrerapena eskatzeko unea, baina bai Eusko Jaurlaritzari, "gutxienez", "oposizioarekin hitz egiten ikasteko" eskatzeko momentua.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Pedro Sanchezek Euskadin "irekitako esperantza garaia egonkortzeko" deia egin du, "etorkizuna jokoan dagoelako beste plaza batzuetan, ez Colonen bakarrik".
Nafarroan, PSNk esan du ez dizkiola bere botoak UPNri emango Javier Esparza Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko. "Esparzak aitortu du eskuindarren koalizioak ez duela gehiengoa lortuko, baina sozialistok ez dizkiogu botoak emango", adierazi du PSNk ohar batean, buruzagi regionalistak atzo gehiengorik ez zutela izango eta PSNrekin "akordioak" egin beharko zituztela aitortu ostean.