Politika -
Auzitegi Nazionala
Goikoetxea: 'PSEko zinegotzi bat bahitzeko eta hiltzeko agindua nuen'
Goikoetxea eta ETAren ustezko sei kideen aurkako epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 64 urteko kartzela zigorra eskatu du Goikoetxearen aurka.
Erredakzioa
Benjamín Atutxa Eibarreko PSEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" agindua jaso zuen Arkaitz Goikoetxea ''Vizcaya'' taldeko ustezko buruak Garikoitz Aspiazu ''Txeroki'' ETAren ustezko arduradun militarrarengandik. Hala aitortu du gaur Goikoetxean Auzitegi Nazionalean, bideo batean. Bideoa bukatzean Goikoetxeak esan du poliziak behartu egin zuela deklarazio hori kamararen aurrean egitera.
Goikoetxea eta ETAren ustezko sei kideen aurkako epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 64 urteko kartzela zigorra eskatu du Goikoetxearen aurka. Epaiketa hasi aurretik bi orduko bideo bat erakutsi dute, fiskalak hala eskatuta.
Modu honetan, Arkaitz Goikoetxeak bideo horretan emandako azalpenak froga gisa erabili dituzte epaiketan.
Irudietan Goikoetxeak ETAren zuloa non dagoen eta bertan gordetzen zituzten armak eta tresnak zertarako eta noren aurka erabili nahi zituzten azaltzen dio Baltasar Garzon epaileari.
Pazuengos Errioxako herrian egindako zuloan hartu ziren irudiak, 2008ko uztailaren 24an. ''Vizcaya'' taldeak lasaigarriak eta xiringak gordetzen zituen aipatu zuloan, "PSEko zinegotzia bahitzeko, pare bat egunetan lokartuta bizirik mantentzeko eta, azkenik, hiltzeko".
Bideoan, Garzonek Goikoetxeari bahiketarik egiteko asmoa zutenik galdetzen dio. ETAko ustezko kideak baietz erantzuten dio, Eibarreko PSEko zinegotzi bat bahitu nahi zutela, baina bere izena gogoratzen ez duela. "Ikastetxe bateko zuzendaria" zela gogoratzen du Goikoetxeak.
''Txeroki''k berak zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" agindua eman zuela adierazten du Goikoetxeak bideoan. Hala ere, agindua betetzeko "baldintzarik" ez zela eman azaltzen du epaituak.
''Vizcaya'' taldeak 2007. eta 2008. urteetan egindako atentatuak ere onartu egiten ditu Goikoetxeak bideoan, tartean Legutioko Guardia Zibilaren koartelaren aurkakoa (Juan Manuel Piñuel polizia hil zuten) eta Getxoko Itsas Klubaren kontrako lehergailua.
Bideoa ikusi ondoren, Vicente Gonzalez Mota fiskalaren eta AVTren ordezkariaren galderei ez erantzutea erabaki du Arkaitz Goikotxeak. Jone Goirizelaia abokatuak egindakoak besterik ez ditu erantzun.
Bideoa bukatzean Goikoetxeak esan du poliziak behartu egin zuela deklarazio hori kamararen aurrean egitera. Aurretik, komisaldegian pairatu zituen torturak "mehatxuak eta kolpeak" salatu ditu Goikoetxeak. "Bideoan ikusi dena aurreko egunean egindako deklarazio berbera da. Gauza berdinak esan behar nituen, ondoriorik ez pairatzeko", esan du Goikoetxeak. Galderei "zer erantzun" behar zien agindu zioten poliziek. ETAko kidea ez dela azpimarratu du Goikoetxeak epaiketako lehen egunean, eta zuloa non zegoen ez zekiela nabarmendu du.
Gainerako auzipetuek ere torturak salatu dituzte: Aitor Cotano, Maialen Zuazo, Iñigo Gutierrez, Ana Isabel Prieto, Adur Aristegi eta Gaizka Jarreño.
Fiskalak 64 urteko kartzela zigorra eskatu du Arkaitz Goikoetxea Basaberentzat, ETAko kidea izatea, epaile bat hiltzen saiatzea, zinegotzi bat bahitzeko planak egitea, dokumentazio faltsua eramatea edota armak eta lehergailuak gordetzea egotzita.