Politika -
Auzitegi Nazionala
Benjamin Atutxa: 'Sekulako zortea izan dudalako nago bizirik'
Legebiltzarkide sozialistak adierazi du ez zutela bera bahitzea lortu "ibilbidea aldatu" zuelako eta Eibarko institutuan bere ikasle ohia izandako Miguel Angel Blanco "beti" gogoan duela azaldu du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalean Bizkaia komandoaren ustezko kide eta kolaboratzaileen aurka egiten ari diren epaiketan lekuko gisa deklaratu du Benjamin Atutxa legebiltzarkide sozialistak.
2008ko uztailaren 25ean ETA bera bahitzen saiatu zela jakin zuela adierazi du, baina Arkaitz Goikoetxea komandoaren ustezko arduraduna lasaigarriak eta xiringak zituen estutxea eskuan hartuta erakusten duten irudiak ikustea bahiketaren albistea jasotzea baino "gogorragoa" izan dela aitortu du.
"Lanera nindoan egun batzuetan ni bahitzen saiatu ziren susmoa dut", adierazi du Atutxak, "baina arrazoiren batengatik edo besteagatik ibilbidea aldatuko nuen eta ez zuten lortu. Sekulakp zortea izan dudalako nago bizirik", gaineratu du.
Miguel Angel Blanco, ETAk 1997an hil zuen gizona, "beti" gogoan duela adierazi du Benjamin Atutxak. Blanco bere ikaslea izan zen Eibarko Institutuan.
"Aska zezatela eskatzeko elkarretaratze eta manifestazio guztietan parte hartu nuen. Kasualitatez, gero nirekin gauza bera egiten saiatu ziren", gaineratu du.
Atutxak Sorturen hitzetan sinisten du
Sorturen hitzak sinesten dituela adierazi die Benjamin Atutxak komunikabideei. Nahiz eta Auzitegi Gorenak ezker abertzalearen alderdi berriari hauteskundeetan aurkeztea galarazi, alderdiak indarkeria irmo baztertu duela iritzi dio.
Eusko Jaurlaritza
Bideoa "beldurgarria" dela adierazi du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Balioetan eta hezkuntzan aurrera egiten jarraitu" behar dela erantsi du Mendiak.
"Zinegotzi bat bahitzeko eta hiltzeko erabakia nola hartu duten azaltzean terroristak erakusten duen hoztasuna ikaragarria da. Beldurgarria da eta bizarrak zutik jartzen ditu", azaldu du bozeramaileak. Horregatik, "balioetan eta hezkuntzan aurrera egiten" jarraitzeko beharra nabarmendu du.