Politika -

Getxon

Dirua 'gerran eta militarismoan' xahutzea salatu dute hegazkin ontziaren aurrean

Protesta egin dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta eragozpen fiskalaren aldeko elkarteek, Getxon.

Protesta 'Juan Carlos I' hegazin ontziaren aurrean / Argazkia: EiTB.
Protesta 'Juan Carlos I' hegazin ontziaren aurrean.
Gastu militarraren aurkako ekintza egin du Getxon Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek

0:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta eragozpen fiskalaren aldeko elkarteek protesta egin dute Getxon, "gerran eta militarismoan gero eta diru gehiago xahutzea" salatuz, Espainiako Armadaren Juan Carlos I hegazkin ontziaren bisita baliatuta.

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak azaldu duenez, eragozpen fiskalaren aldeko plataformarekin batera egindako ekintza erabili dute "aurtengo gastu militarraren kontrako eragozpen kanpainaren hasiera" bezala, baita "gerraren eta militarismoaren ondorioak" salatzeko ere.

"Gastu militarraren zarrastelkeriaren" adibide bezala jarri dute hegazkin ontziak "Urdulizekoa bezalako zazpi ospitale eraikitzearen baliokidea kostatu duela, eta urtero mantentzeak zazpi eskola eraikitzearen kostu bera duela".

Parodia egin dute manifestariek. Erakundeek herritarren zergen zati handi bat "bidegabeak eta kaltegarriak diren" xedeetara bideratzen dutela salatu dute parodian.

Ekintzako protagonistek salatu dutenez, gerraontzia Bizkaiko kostaldean egotea "gastu militar lizuna ikusgai bihurtzen du". Horrela, ohartarazi dute 2019an "Estatuak 31.830 milioi euro gastatuko dituela militarismora zuzenduta dauden zenbait sailetan, hau da, 700 eurotik gora pertsona bakoitzeko".

"Gure zergetatik dator dirutza hori", esan dute. Aurten berriz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako "eragozpen fiskaleko bulegoak" irekiko dituzte. Horitan, doan lagunduko dute jendea, "injustizia hau desobeditzeko eta zergak alternatiba transformatzaile eta solidarioen aldeko iniziatiba sozialetara bideratzeko aukera izan dezaten".

Antolatzaileen arabera, armadek eta gerrek "heriotza eta suntsipena eragiten dute, giza eskubideak urratzen dituzte eta jendea ihes egitera behartzen dute". Horregatik, "eragozpen fiskala ahalduntzen gaituen eta bidezko gizarte bat eraikitzeko aukera ematen digun erreminta bat" dela esan dute.

Protesta frente al portavions 'Juan Carlos I', en Getxo.

Protesta 'Juan Carlos I' hegazkin ontziaren aurrean, Getxon. Argazkia: EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Getxo Migrazioa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa Eskubide unibertsalak Gobernuz Kanpoko Erakundeak