Politika -

Siriako presidentea

Assad: 'Istiluak konspirazio kanpotar baten parte dira'

Siria ez dago "bakarturik", arabiar munduan gertatzen ari denak eragiten baitio, baina konspiratzaileek "herrialde okerra aukeratu dute", adierazi du Siriako presidenteak Parlamentuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Liskarrak "salbuespen" bat direla adierazi du Bashar al Assad Siriako presidenteak Parlamentuaren aurrean, eta "batasun nazionala" indartzeko balioko dutela erantsi du. Era berean, mobilizazioak atzerrian antolatutako "konspirazio" baten parte direla salatu du. Istiluen bultzatzaileek "Sirian eta herrialde arabiarretan ezegonkortasuna" sortu nahi dutela gaineratu du.

Siria ez dago "bakarturik", arabiar munduan gertatzen ari denak eragiten baitio, baina konspiratzaileek "herrialde okerra aukeratu dute", esan du Assadek. "Egoera gainditzeko kapaz gara", azpimarratu du.

Gobernua "konspirazioaren kontra eta erreformen alde" dagoela argi utzi nahi izan du Siriako presidenteak, eta konspiratzaileen helburua "arabiar munduaren azken harresia" ahultzea dela salatu du Assadek.

"Erreformistak baldin badaude, babestuko ditugu", nabarmendu du. Hala ere, "kalera atera diren manifestari guztiak ez dira konspiratzaileak", onartu du Assadek. Gobernuak "herriaren eskakizunak" onar ditzake, baina ez du "kaosik" bultzatuko.

Deraa, iraultzaren sorleku

Deraako (hegoaldea) bizilagunek "kaosa ezarri nahi duen gutxiengoa geldiaraziko dute", ziurtatu du presidenteak. Zentzu horretan, segurtasun indarrei "agindu oso argiak" eman dizkiela azaldu du, protestetan "Siriako herritarrei minik ez ematea", alegia.

Presidentearen arabera, Deraako eta Siriako biztanleria "nazionalista" da eta ez du atzerriko "konspiraziorik" onartuko. Istiluak "satelite bidezko telebisten bidez hasi ziren duela zenbait aste", erantsi du. "Konspiratzaileak" ezberdintasun sektarioak areagotzen saiatu dira, gorrotoa pizteko eta "Siria pikutara bidaltzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea