Politika -

ETAren aktak

Rubalcabak ETAren 'zaborra' Parlamentura eraman izana egotzi dio PPri

Barne ministroaren esanetan, "gezurrez eta manipulazioz beteriko" aktak dira. Bestalde, azken su-etena jazo baino lehen kontaktuak izan zituztela onartu du Jesus Eguiguren PSEko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren ''zaborra'' Parlamentura eraman izana leporatu dio PPri Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, azken su-etenean Gobernuarekin izandako elkarrizketak jaso duten ETAren aktei sinesgarritasuna emateagatik.

Gobernuaren lehenengo presidenteordearentzat, "gezurrez eta manipulazioz beteriko" aktak dira. Hauen arabera, ETAko kideen atxiloketak bertan behera uzteko agindua eman zuen Barne Ministerioak. Ordea, Rubalcabaren esanetan, "ETA inoiz baino gehiago estutzeko" agindua eman zuen, "berriz armatzeko aprobetxatu ez zezan".

Auzitegi Nazionalean polizia nazionalek, guardia zibilek, ertzainek eta Frantziako poliziek deklaratu zutela gogorarazi du Barne ministroak. Terrorismoaren kontrako operazioak eteteko agindurik jaso ez zutela azaldu zuten guztiek.

"Guztiz kontrakoa esan zuten: sekula baino gehiago estutzeko agindua jaso zutela azaldu zuten Auzitegian. Badakizu zergatik esan zuten hori? Nik agindu nielako", azpimarratu du Rubalcabak. Gobernuari "aurpegia ateratzeko" poliziak epailearen aurrean gezurretan aritzea baztertu du Rubalcabak.

Agindu horiei esker ETAren amaiera gertuago dago orain, presidenteordearen hitzetan.

Rubalcabaren azalpenek ez dute Ignacio Gil Lazaro PPko diputatua asetu. Honek behin betikoz "egia esateko eta etxera joateko" exijitu dio Barne ministroari.

ETArekin harremanak izan zituztela onartu du Egigurenek

Bestalde, Jesus Eguiguren PSEko presidenteak onartu duenez, "harremanak izan genituen ETAko kideekin" baina "kontaktuak, alde batetik, eta negoziazioa, bestaldetik, bereizi behar dira, hemen guztia nahasi baita".

Josu Ternera ETAko buruzagiarekin "bakerako antzeko bide bat" egin zutela zehaztu du Eguigurenek baina bere esanetan, "ETArekin hitz egin nuenean, ez nuen inoiz Gobernuaren izenean egin". Hala ere, Madrilgo T-4 aireportuko terminalaren aurkako atentatua eta gero Gobernuak ez zuela ETArekin negoziatu gaineratu du PSEko presidenteak.

ETAren estortsio sareari egindako salakeriari buruz dakien guztia azaltzera "ausartzen" ez dela aitortu du. Bere ustez, operazioa bertan behera geratu zen infiltraturen bat zegoelako.

Cadena Ser irratian izandako elkarrizketan egin ditu Eguigurenek adierazpen hauek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea