Politika -

Dokumentazioa

Hauteskunde mahaiko kide izateari uko egin ahal zaio?

Arrazoi pertsonalak, familiarrak edo profesionalak tarteko, eta behar bezala justifikatuz gero, posible da hauteskunde mahaiko kide izateari uko egitea.

Hauteskunde mahai bateko kideak. Artxiboko argazkia: EFE
Hauteskunde mahai bateko kideak.
Hauteskunde mahai bateko kideak. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorrak direla eta, apirilaren 28an milaka herritarrek hauteskunde mahaian egon beharko dute. Zozketa publiko bidez aukeratzen dira mahaiko kideak eta, tokatuz gero, derrigorrezkoa da bertan izatea. Hala, bertaratzen ez denari zigor administratiboa, isun ekonomikoa nahiz urtebete arteko espetxealdia ezar diezaiokete.

Alabaina, badira salbuespenak, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak edo profesionalak tarteko, posible da mahaiko kide izateari uko egitea, betiere behar bezala justifikatuz gero.

ARRAZOI PERTSONALAK

- 65 urte baino gehiago eta 70 baino gutxiago izatea; izan ere, 70 urtetik gorakoak mahaiko kideak aukeratzeko zozketatik kanpo daude.

- Desgaitasuna duten pertsonak; ezintasun iraunkorra edo ezintasun handia dutenak; eta lanerako ezintasuna dutenak.

- Sei hilabetetik gorako haurdunaldi kasuetan, haurdunaldia arriskuan dagoenean eta amatasunagatiko atseden garaian.

- Espetxean edo ospitale psikiatriko batean ingresatuta egoteagatik.

- Bajan egon ez arren, lesio, min edo gaixotasun fisiko edo psikologikoak izategatik, betiere egoera horrek mahaiko kideari dagozkion funtzioak betetzea galarazi edo zailtzen baldin badu.

- Bozketaren egunean, aurreko egunetan nahiz biharamunean interbentzio kirurgikoa edo mediku frogak izateagatik.

- Erlijio baten jarraitzaile izanda, erlijio horren ideologiak hauteskunde mahai batean parte-hartzea ahalbidetzen ez duenean.

- Bizilekua aldatu izana.

ARRAZOI FAMILIARRAK

- Ama izateagatik, edoskitzaroan, eta haurrak bederatzi hilabete izan arte.

- Norbere ardurapean dauden zortzi urtetik beherako umeen edo desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonen zaintzagatik.

- Adinagatik, istripua izan duelako edo gaixorik dagoelako, ezinbestean laguntza behar duen senide bat zaintzeko.

- Hauteskundeen egunean familiako ospakizun berezi bat izateagatik, betiere ekimen hori atzeraezina bada edo beste baterako uzteak kalte ekonomikoak eragin baditu.

- Hamalau urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoen kasuan, aita edo ama umearekin geratu ezin daitekeela frogatuz gero.

ARRAZOI PROFESIONALAK

- Hauteskundeen egunean, Hauteskunde Batzorde batean, epaitegian edo administrazio publikoan hauteskundeei lotutako lanak izateagatik.

- Hauteskundeen egunean, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzuak eman behar izateagatik: medikuak, osasun langileak, babes zibileko langileak, suhiltzaileak…

- Hauteskunde jardunaldiari buruzko informazio eman behar duten komunikabideetako zuzendariak eta albistegietako arduradunak.

- Hauteskundeen egunean, ekimen publikoetan parte hartu behar duten profesionalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Espainia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak