Politika -

Katalunia

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Torra ikertuko du, lazo horien auziaren baitan

Fiskaltzak desobedientzia delitua egozten dio Generalitateko presidenteari, Espainiako Hauteskunde-batzordeak hala agindu arren, eraikin publikoetatik lazo horiak kendu ez zituelako.   

Generalitatearen Jauregian jarritako pankarta lazo horiarekin. Artxiboko argazkia: EFE
Generalitatearen Jauregian jarritako pankarta lazo horiarekin.
Generalitatearen Jauregian jarritako pankarta lazo horiarekin. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Quim Torra Generalitateko presidentea ikertuko du, lazo horien auzian desobedientzia delitua egin duelakoan.

Auzitegi Nagusiak tramitera onartu du Espainiako Hauteskunde-batzordearen agindua ez betetzeagatik Fiskaltzak Torraren aurka jarritako kereila. Carlos Ramos izango da instrukzio-epailea. 2014ko azaroaren 9ko galdeketagatik Artur Mas presidente ohia epaitu zuen epaimahaiko kide izan zen Ramos.

Twitter bidez zabaldutako mezu batean, Torrak esan du jakinarazpena jaso duela, eta auzi honetan azkeneraino joateko asmoa berretsi du: "Estatu autoritario honen aurrean, beldurrik gabe bizitzeko hautua egin dugu. Adierazpen askatasunaren alde, azkeneraino joango naiz".

Francisco Bañeres Kataluniako fiskalburuak Hauteskunde-batzordearen aginduak "behin eta berriro" urratu izana leporatzen dio Torrari, "sinbolo alderdikoiak" eraikin publikoetan mantentzegatik.

Halaber, Hauteskunde-batzordearen agindua "argia eta zehatza" zela, baina hark esandakoa "nahita eta kontzienteki" bete ez zuela eta kendu behar zituen sinboloen ordez beste ikur batzuk jarri zituela dio fiskalburuak bere kereilan.

Hauteskunde-batzordearen ultimatuma jaso ostean, Kataluniako Herritarren Defendatzailearen gomendioari kasu egingo ziola iragarri zuen Torrak. Hiru egun geroago, Generalitateko Jauregian eskegita zegoen preso eta erbesteratu politikoen aldeko pankarta, lazo zuri bat zeraman goiburu bereko beste bategatik ordezkatu zuen.

Gauzak horrela, Hauteskunde-batzordeak beste ebazpen bat egin zuen, aipatu ikurrak kentzeko agindua Esquadra Mossoei emanda, lazo horien auzia Fiskaltzaren esku utzita eta Torraren aurkako espediente-zigortzailea abiarazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Hauteskunde orokorrak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa