Politika -
Katalunia
Hauteskundeak deitzeko eskatu dio Kataluniako Parlamentuak Torrari
Generalitateko presidenteak, baina, uko egin dio bozak deitzeko Parlamentuak egindako eskariari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Parlamentuak hauteskundeak deitzeko eskatu dio Quim Torra Generalitateko presidenteari ostegun honetan onartutako mozioaren bidez. Osterantzean, konfiantza galdea aurkezteko galdegin diote.
Guztira, 62 izan dira mozioaren aldeko botoak (PSC, Cs, PP eta En Común Podem) eta 61 kontrakoak (JcCat eta ERC). CUPeko lau diputatuek, bestalde, ez dute bozketan parte hartu.
"Gobernuaren eraginkortasun eza, 2019rako aurrekonturik ez egotea eta Parlamentuan gehiengoa galdu izana" salatu dute mozio horrekin. Gainera, Kataluniako Parlamentuak legealdi honetan adostutako akordioengatik Gobernuak erakutsi duen errespetu falta kritikatu dute.
Torrak uko egin dio hauteskundeak deitzeari
Quim Torra Generaliteteko presidenteak uko egin dio hauteskundeak deitzeari, Parlamentuan mozioa onartu badute ere.
Twitterren egindako argitalpen batean, mozioa "Llaneraren kalitateko botoak" onartu duela azpimarratu du Torrak, Auzitegi Gorenak kargugabetu ostean, "JxCateko lau diputatuk ezin izan dutelako botoa eman".
Horregatik, argi utzi du abenduaren 21eko bozetan hautatutako gehiengo parlamentarioak gaitzetsi egin duela sozialisten mozioa, lau diputatu horien botoarekin ezinezkoa izango zelako berori onartzea.