Politika -
Espainiako Gobernua
Arzuagaren hitzak 'onartezinak' direla uste du Celaak
Gertatutakoa “oso deitoragarria” dela adierazi du Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak. Polizia gehiegikerien kasuak “identifikatuak, bakanak eta zehatzak” direla erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak polizia gehiegikerien legearen eztabaidan egindako adierazpenak “onartezinak” direla uste du Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.
Ministroen Kontseiluaren ondotik prentsaurrekoa eman du Celaak, eta Arzuagaren hitzek sortutako polemika eta tentsio uneak hizpide izan ditu. Gertatutakoa “oso deitoragarria” dela esan du bozeramaileak. Celaaren ahotan, legebiltzarkidearen adierazpenak “onartezinak dira edozein demokraziatan”.
Exekutiboko ordezkariaren hitzetan, Arzuagak ETAko krimenengatik barkamena eskatuz hasi behar zuen bere hitzaldia, ondoren “zentzuzko komunikazio diskretu eta zuhurra” egiteko.
Legeari dagokionez, onartutako arauan ETAren terrorismoko eta polizia gehiegikerien biktimak “inon” alderatzen ez direla argi utzi nahi izan du bozeramaileak. Zentzu horretan, polizia gehiegikerien kasuak “identifikatuak, bakanak eta zehatzak” direla erantsi du.
“Segurtasun indarrak ez daude susmopean”, nabarmendu du Celaak. Ia 50 urteko terrorea atzean uztea lortu zuten, segurtasun indarrei, demokraziari, botere judizialari eta nazioarteko lankidetzari esker, azpimarratu duenez.
Azkenik, “ETAren terrorismoa 50 urte jasan genuen, eta biktima asko segurtasun indarretako kideak izan ziren, errespetu eta ohore guztia eurentzako”, gaineratu du.