Politika -
Auzitegi Nazionala
ETArekin izandako kontaktuak delitu ez direla gogorarazi du Fiskaltzak
Jesus Eguiguren PSEko presidentearen aurka kereila jarri zuen Manos Limpias elkarteak martxoaren 30ean, banda armatua laguntzea eta estaltzea delituak egotzita.
Erredakzioa
2006an ETArekin harremanetan jarri ziren Gobernuaren ordezkarien kontra kereila jarri zuen Manos Limpias elkarteak. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak kereila bertan behera uztea eskatu eta Auzitegi Gorenak, zentzu horretan, behin eta berriz "delitu ez" direla azaldu duela gogorarazi du.
Manos Limpias sindikatuak ez du ordezkaritzarik lantegietan eta Miguel Bernard Fuerza Nuevako arduradun ohiak zuzentzen du. Javier Moscoso Estatuko fiskal nagusi ohiaren, Jose Manuel Gomez Benitez Botere Judizialeko bokalaren eta Jesus Eguiguren PSEko presidentearen aurka kereila jarri zuen Manos Limpias elkarteak martxoaren 30ean, banda armatua laguntzea eta estaltzea delituak egotzita.
"Gorenak behin eta berriro esan du elkarrizketa eta bilera horiek delitua ez direla", gogoratu du Fiskaltzal Ismael Moreno epaileari salaketa bertan behera uzteko eskatzeko igorritako idazkian. "Esklusiboki politikoak diren iharduerak kriminalizatzea" arbuiatu egin du Fiskaltzak. ETArekin 2006. urtean egindako bilerek Kongresuaren babesa zutela gogoratu du Fiskaltzak. Horrez gain, Europako Parlamentuak ere prozesua babestu egin zuela adierazi du.