Politika -
GALen kontrako azken epaiketa
GALen mertzenario batek Portugalgo presidentea sartu du auzian
Anibal Cavaco Silva presidenteak "Estatuaren sekretua" zela eta "gaiaz ez hitz egiteko agindua" eman ziola adierazi du.
Erredakzioa
GALen mertzenario batek, Batzoki eta Consolation tabernetan zenbait pertsona zauritu zituenak, Miguel Planchuelo Bilboko Informazio Taldeko buru ohiaren epaiketan eman du deklarazioa eta Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidenteak "Estatuaren sekretua" zela eta "gaiaz ez hitz egiteko agindua" eman ziola adierazi du.
Rogerio Fernando Carvalho Silva aipatu tabernen kontra atentatuak egin zituzten hiru lagunetako bat da. GALen kontrako Herri Ekimenak salatu du Planchuelo izan zela bi erasoak egiteko agindua eman zuena.
Carvalho da Silva dagoeneko epaitu dute Portugalen, eta ez die galderei erantzun nahi izan, "sekretua" dela argudiatuta.
Horren aurrean, Alfonso Guevara buru duen auzitegiak deklaratzera behartuta dagoela gogorarazi dio lekukoari, eta azkenean Espainiako "poliziako eta zerbitzu sekretuetako buruen" aginduak jaso zituela aitortu du.
Espainiako Gobernuaren agindurik jaso ote zuen galdetuta, "Espainiako Gobernuak zuzenean noski ezetz" erantzun du.
Bideokonferentziaz deklaratu duen lekukoak azaldu duenez, ez du Planchuelo ezagutzen eta ez daki Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohiek (haiekin bildu zen behin baino gehiagotan) "goikoen babesa" ote zuten.
Carvalho da Silvak esan du ez zuela dirurik jaso "emandako zerbitzuagatik".