Politika -
Auzitegi Gorena
Presoen argazkiak erakustea delitua izatea exijitu du Fiskaltzak
Hala eskatu dute fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak. Auzitegi Nazionalak Txori Barrote konpartsako kideak absolbitu zituen iaz, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen.
Erredakzioa
ETAko presoen argazkiak erakustea "terrorismoa goratzea" dela onartzea eskatu diote Fernando Sequeros fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak Auzitegi Gorenari. "Bertan agertzen diren pertsonak goratzea da helburu orokorra", nabarmendu dute.
''Txori Barrote'' konpartsako kideak absolbitu egin zituen iaz Auzitegi Nazionalak, eta gaur bista berezia egin dute fiskaltzaren helegitea eta herri akusazioaren helegitea aztertzeko helburuarekin.
Tribunalak konpartsako lau arduradunak absolbitzea erabaki zuen 2008ko Aste Nagusiko ekitaldiek ez zutelako "biktimak gutxietsi edo iraindu nahi", ezta ekintza terroristak justifikatu ere, helburua "etxetik gertu dauden kartzeletara hurbiltzeko aldarrikapena egitea zelako".
Ondorioz, iazko urrian, Gurutze Olagorta Arana konpartsako presidentea, Aitziber Urregoetxea idazkaria, Borja Irizar diruzaina eta Alexander Zuluaga arduradun legala absolbitu zituen.
Fiskaltzaren ustez, Txori Barrotek terrorismoa goratu zuen nabarmen presoen argazkiak erakutsiz. Hori dela eta, 18 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuten epaiketan.
Fiskalaren hitzetan, argazki horiek erakutsiz, ETAko presoei "publizitate argia" ematen zaie.
Bestalde, Dignidad y Justicia elkarteko abokatuak esan du presoen argazkiekin biktimak "gutxietsi" eta "iraindu" egiten dituztela. Argazkiak ikusi zituenean Daniel Porterok pairatu zuen "tristura eta ezinegona" azpimarratu ditu abokatuak.
"Argazkiak erakutsiz, presoen merituak goratu nahi dituzte eta eskerrak ematen dizkiete", gaineratu du. Txori Barroteko kideek egindakoa "delitua" zela bazekitela uste du Dignidad y Justiciak.
Azkenik, konpartsako kideen abokatuek absoluzioa berresteko eskatu diote Auzitegi Gorenari. "ETAko kideak izateagatik pertsona horiek goratu zituztela ezin da probatu, ez dago hitzik edo ekintzarik hori probatzen dutenik", azaldu dute. "Argazkiak, argazkiak dira", bukatu dute.