Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

PPk Faisan auzian duen jarrera 'nazkagarria' dela dio Alfonso Guerrak

Nolanahi ere, diputatu sozialistak azaldu du "Mariano Rajoyk zuzentzen duen alderdiaz" ari dela, izan ere, "jakin badakit Euskadiko PPk beste jarrera bat duela".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Guerra PSOEko diputatuak adierazi du PPk Faisan auziaren aurrean duen jarrera "nazkagarria" dela, "zeharka terrorismoaren aurkako batasuna boikotatzen" ari dela iritzita.

"Terrorismoaren Aurkako Ituna babesten dutela esaten dute, baina gero egun osoa daude [ituna] urratzen azpijokoen eta kalumnien bitartez", gaineratu du, bart Radio Euskadiko "Ganbara" saioan eskainitako elkarrizketa batean.

Nolanahi ere, Guerrak zehaztu nahi izan ditu hitzak: "Mariano Rajoy zuzentzen duen alderdiaz ari naiz", izan ere, "jakin badakit Euskadiko PPk beste jarrera bat duela".

Bien artean ezberdintasunak dauden galdetu diotenean, "terrorismo eta nazionalismo gaietan oso ezberdinak" direla erantzun du.

Ezker abertzalea

Legez kanpoko ezker abertzalearen harira, Guerrak ohartarazi du terrorismoa errefusatzen duenean baino ezingo dela hauteskundeetara aurkeztu.

Bere iritziz, Sortu ez da guztiz aldendu ETAtik: "Bat ere, ezkutatzen ari da, ausartak ez diren pertsonak bezala".

Zapateroren hurrengoa

Guerrak ez du iritzirik eman nahi izan Jose Luis Rodriguez Zapateroren ordezkoari buruz, baina hautagaiak daudenean "argi eta garbi" esango du noren aldekoa den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea