Politika -

BILBO

Ertzaintzak zauritutako gaztearen familiak salaketa jarriko du

Bi tokitan hautsita du masailezurra Ertzaintzak burura botatako jaurtigai baten ondorioz, eta Gurutzetako ospitalean jarraitzen du.

Ertzaintzaren babes hesia, istiluen aurretik. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren babes hesia, istiluen aurretik
Ertzaintzaren babes hesia, istiluen aurretik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Voxen ekitaldia dela eta, istiluak izan ziren larunbatean Bilbon, Euskalduna Jauregiaren inguruan. Ertzaintzak 19 urteko neska bilbotar bat larri zauritu zuen, burura jaurtigai bat botata.

Gaztea Gurutzetako ospitalean dago eta familiak Ertzaintzaren aurka salaketa jarriko duela eta Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatu dizkiola jakinarazi du gaur. Bi tokitan du hautsita masailezurra, eta gaur egin behar zioten ebakuntza.

Bestalde, Segurtasun Sailak esan du ikerketa bat jarriko duela abian gertatu zena argitzeko asmoz.

Biktimak Naiz hedabideari kontatutakoaren arabera, "Santiago Abascalek Euskaldunan ematekoa zuen mitinaren kontra protesta egitera joan zen modu baketsuan. Bat-batean ertzainak Casilda Iturrizar parkean zeuden antifaxisten aurka kargatzen hasi ziren haiek harri batzuk bota eta gero, eta ihes egiten hasi zenean aurpegira tiro egin zion agente batek".

Voxek Euskalduna Jauregian egin behar zuen hauteskunde-ekitaldi baten kontrako protesta baten ostean liskarrak izan ziren Bilbon, eta Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen. Bost atxilotuetako lau aske gelditu ziren atzo, epailearen aurretik igaro ostean. Bosgarren atxilotua, ostera, libre geratu zen larunbat gauean, epailearen aurretik igaro gabe.

Agenteek kargatu egin zuten kontzentrazio antifaxistaren aurka, eta hainbat lagunek edukiontziak bidean gurutzatu eta erre zituzten, eta objektuak bota zizkieten ertzainei.

EH Bilduk ikerketa bat zabaltzea eskatu du

Jon Iñarritu Espainiako Diputatuen Kongresurako EH Bilduren hautagaiak ikerketa bat zabaltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, emakume gaztea zauritu zen istiluetan gertatutakoak argitzeko.

Onda Vasca irrati-kateari egindako adierazpenetan adierazi duenez, "benetan larriena zera da: hainbat talde feministekin batera manifestatzen ari zen emakume batek foamezko jaurtigai baten kolpea jaso zuela buruan eta masailezurra hautsita duela".

"Iñigo Cabacasekin gertatutakoaren ondotik, onartezina da hau berriro gertatzea", azpimarratu du Iñarrituk. Hori dela eta, ikerketa "argia eta neutrala" eskatu du, jaurtiketa egin zuen ertzaina identifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas urteurrena Politika Bilbo Ertzaintza Alderdi politikoak EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Vox