Politika -
Preso politikoen eguna
Kartzelak husteko bide legalak erabiliko dituela berretsi du EPPK-k
Preso politikoen nazioarteko egunaren harira, EPPK-k presoen egoerari buruzko hausnarketa argitaratu du. Besteak beste, independentziarekiko bere konpromisoa azpimarratu du.
eitb.eus
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere konpromisoa berretsi du, bide legalak erabiliz kartzelak husteko. Halaber, independentziarako bidean indarrak batzeko eta zailtasunak gainditzeko deia egin du.
Preso politikoen nazioarteko egunaren harira EPPK-k Berria eta Gara egunkarietara bidalitako agirian, kolektiboak presoen egoerari buruzko hausnarketa egin du.
Dagoeneko ia bi urte igaro dira kolektiboaren baitan barne-eztabaida prozesua amaitu eta kartzelak husteko helburuarekin espetxe legedi arruntari ekitea erabaki zuela. EPPK-k zailtasunak onartu baditu ere, ez "nekeak" ezta "abiadura mantsoak" ere ez omen ditu etsipenera eramango: "Zailtasunetan aurrera egiten ondo ikasiak gara, eta jarraituko diogu aurrera egiten".
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren esanetan, Espainiako eta Frantziako Gobernuek egindako mugimenduak euskal gizarteak presoen eskubideen aldeko eskaerak babestu izanaren ondorio dira. Espainiako Gobernuaren jarrera "immobilista" eta "inboluzionista" kritikatu du. "Espetxeetan eta presoon inguruan eman dituzten urrats uzkurrak nahikoak ez izateaz gain, gurekin adostu gabeak izan dira", salatu du.
"Ez dugu etsiko; egindako urratsetan ez gara atzera itzuliko" esanez amaitzen da EPPK-ren agiria: "Etorkizuna dugu zain, eta bidean zailtasunak aurkituko ditugu, baina gure herriaren independentziara goaz eta elkarren indarrak batuz gaindi ditzakegu zailtasun guztiak".