Politika -

Lehen ekitaldi politikoa

Bildu: 'Euskal gizartearen lupak ez du alderdien legea onartzen'

"Agertoki politiko berria" iragarri du, indarkeriarik gabekoa, alderdi guztien "proiektuak garatzeko aukera" emango duena. Koalizioak ez ditu hautagaitzak aurkeztu, oraindik itxi gabe daudelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal gizartearen gehiengoak" Madrilera begiratzeko erabiltzen duen "lupak" ez duela alderdien legerik onartzen adierazi dute Bildu koalizioko kideek (EA, Alternatiba eta abertzale independenteak); lege horrek normaltasun demokratikoan oinarritutako erakundeen sorrera galarazten baitu.

Bilduk Donostiako Kursaal Jauregian egin du jendaurreko aurkezpena. Bertan ehundaka pertsona bildu dira. Hala ere, ez dituzte hautagaitzak aurkeztu, izan ere, oraindik ez daude guztiz osatuta. Bilduko arduradunek iragarri dutenez, ziurrenik datorren astean ezagutaraziko dituzte, lurraldeka.

Ekitaldian ez da ezker abertzaleko ordezkaririk egon eta EAko Pello Urizarrek, Alternatibako Oskar Matutek eta Herritarron Gaiako Bakartxo Ruizek hitz egin dute.

Pello Urizar: "Agertoki berri baten bidean gaude"

Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren iritziz, "egoera aldatu eta agertoki berri batera joateko" unea da eta horrek "batzuk urduri jartzen ditu, eta urduriago ere jarriko dira". Horren harian, Gobernutik "macarthismoaren antzeko jazarpenak iragartzen dituzte, eta gure zerrendak luparekin begiratuko dituztela" esateko aurpegia dutela salatu du Urizarrek.

Horrelako gauzak esaten dituztenak "munduko lupa guztiekin, epaitegietan egindako salaketekin eta egunkariekin egindako aitorpenekin ere GALeko Xa aurkitzeko gai ere ez direla" azpimarratu du EAko agintariak. "Eta horiek dira guri demokrazia zer den erakutsi behar digutenak", gaineratu du, ironiaz.

Bakartxo Ruiz: "Aldedien legeari, ez"

Bakartxo Ruiz independenteak, bestalde, "herriaren etorkizuna bideratzeko proposamenen eta hautagaien aukeraketa libreari" oztoporik ezin zaiola jarri adierazi du.

"Normaltasun demokratikoan oinarritutako erakundeen sorrera eta parte-hartzea oztopatzen duen alderdien legerik ez dugu nahi. Herri honek aski dela esan du dagoeneko eta eskaera honi erantzuna eman behar diote Madriletik, atzerapenik gabe", azaldu du Ruizek. Hala ere, erantzun horrek "Euskal Herriak erabakitakoa errespetatzen duela esan behar du", gaineratu du Bakartxo Ruizek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea