Politika -

Autodeterminazioaren kontsulta

Bartzelonako bost herritarretik batek bozkatu du kontsultan

Partehartzea % 18,14koa izan da, arrakasta handia antolatzaileentzat, eta autodeterminazioaren aldeko botoa nagusitu da nabarmen, % 90etik gorako babesarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonan Kataluniaren autodeterminazioaz egin duten kontsultan erroldaren % 18,14k parte hartu du (257.645 pertsona), arrakasta handia kontsulta antolatu duen Barcelona Decideix plataformarentzat.

Antolatzaileen ustez arrakasta "historikoa" da partehartzearen maila, izan ere, % 10era iristea zen haien helburua. Gainera, Bartzelonako Udalak Diagonal etorbidearen inguruan egin zuen erreferendumarekin alderatu dute, aldi hartan % 10,2ra iritsi baitzen partehartzea.

Barcelona Decideixen (erakunde pribatua da eta ez du errolda ofizialaren daturik kontsulta ez-loteslea egiteko) datuen arabera, Bartzelonako 257.645 herritar joan dira botoa ematera, aurreko hilabeteetan bildutako botoa eta 16 urtetik gorako herritarrak eta etorkinak barne.

Gaur arte egin diren kontsulta guztiak kontuan izanda (Bartzelonaz gain, 20 udal gehiagotan egin dute), 623.156 kataluniar joan dira botoa ematera Arenys de Munten egin zuten lehenengo kontsultatik. Horrek baieztatu egiten du iritzi inkestek diotena: Kataluniako herritarren % 20 independentista dela.

Botoen % 45 zenbatuta, % 91,46k independentziaren alde bozkatu du, eta % 7,32k kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea