Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Bilduk ohartarazi du ez dutela 'ezer' topatuko bere aurka

Koalizioko buruek adierazi dute hauteskundeetan parte hartu ahal izango dutela, ez baitute "inolako loturarik" ETArekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu koalizioko (EA, Alternatiba eta independenteak) buruek adierazi dute maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izango dutela, zerrendetan izango diren "gizon-emakumeek" ez baitute "zalantza demokratikorik", eta Segurtasun Indarrek ez baitute "ezer" topatuko haien aurka.

Halaber, bozeramaileek nabarmendu dute ETArekin ez dutela "inolako loturarik", eta koalizioaren apustua "epe luzerako" dela, hau da, ez direla "ekuazio arraro baten ''B'' plana".

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Itziar Ameztoy independenteak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen, gaurkotasun politikoa aztertzeko.

Bertan, bozeramaileek hizpide hartu dute asteburuan, ETAko kideen eta jendarmeen artean izandako tiroketaren ostean, kaleratu zuten prentsa oharra. Izan ere, horretan, tiroketari "gertakizuna" deitu zioten, eta polemika handia piztu da alderdien artean.

Hori horrela, Matutek aitortu egin du tiroketa aipatzeko "gertakizuna" hitza aipatu izana ez zela egokia izan, baina azpimarratu du agirian "argi" errefusatu zutela gertatutakoa, eta eragile guztiei, ETAri barne, bakerako urratsak egiteko dei egin zietela.

"Ez dugu onartuko besteek ezartzea gure agenda eta zer hitz esan behar dugun diktatzea", ohartarazi du Matutek, eta Bildu ez dela "joko horretan" sartuko gaineratu du, indarkeriaren arbuioa "argia eta garbia" baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea