Politika -
Eusko Legebiltzarra
PPrekin bat egiteko estrategia aldatzeko eskatu die Urkulluk EH Bildu eta E-Podemosi
Lehendakariaren esanetan, koalizio abertzaleak '130 aldiz bozkatu du Alderdi Popularrarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren kontra aritzeko asmoz'. Elkarrekin Podemos ere arrazoi beragatik kritikatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek duten jarrera kritikatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Biei zuzendu zaie eskatzeko alda dezatela PPrekin batera bozkatzeko estrategia, eta nabarmendu du gizartearentzat onuragarri diren neurri ekonomiko eta sozialak adosteko atea "parez pare zabalik" dagoela.
Adierazpenok Eusko Legebiltzarrean ostiral honetan egin duten kontrolerako saioan egin ditu Urkulluk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako galdera banari erantzunda. Bi taldeek egoera politiko eta ekonomikoari buruz itaundu diote, baita hauteskunde orokorren ondotik sortutako egoerari buruz ere.
PPk ere galdera sorta zuen prestatuta gaurko, baina udal eta foru hauteskundeen ostean egitekotan geratu da. Alfonso Alonso buruzagi popularrak Urkullurekin hitz egin omen zuen atzo.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak salatu duenez, azken hilabeteetan autogobernuko oinarrien akordioa "tiradera" batean sartu ditu EAJk. Akordio hori da, hain justu, "parean dugun dinosauroari aurre egiteko modu bakarra". "Elkarri mokoka ari diren ultraeskuineko alderdien jarrera birzentralizatzaileei aurre egiteko modu bakarra", erantsi du.
Koalizio abertzaleak Legebiltzarrean duen jarreraren aurrean "harrituta" azaldu da lehendakaria, Kongresuan "malgutasuna eta akordioaren alde" azaltzen baita EH Bildu, Urkulluren esanetan.
Urkulluk nabarmendu duenez, hauteskunde orokorren emaitzak eskuan, bi ondorio nagusi atera daitezke: "Batetik, euskal nazio nortasunari zor zaion errespetua, eta horrekin batera, gure herriaren aniztasuna agerian geratu da", Estatuan geratuko den "agertokia" zein izango den argi ez dagoen arren.
Hori horrela, EH Bilduri eskatu dio Legebiltzarrean duen jarrera ez dezala Estatuko egoera politikoak baldintzatuta hartu, berau "aitzakia" izan ezin dela argudiatuta.
Hain justu, koalizio abertzalearen akordioetarako estrategia kritikatu du Urkulluk: "Legegintzaldi honetan 130 aldiz eman duzue botoa Alderdi Popularrarekin batera. Astero egin duzue bat, atzo ere bai. Aukera duzue jarrera hori aldatzeko, betiere Eusko Jaurlaritzaren aurka egitea izan baldin bada jarrera horren arrazoia. Aukera duzue akordioen bideari ekiteko, benetan borondaterik baldin baduzue".
"Hemen, zabalik duzue akordiotarako atea, negoziazioaren atea parez pare dago irekita", erantsi du.
Kritikak Elkarrekin Podemosi ere
Lander Martinez Elkarrekin Podemosen bozeramaileak, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta industrialaren "porrota" salatu du eta horrek "prekarietatea eta ziurgabetasuna" dakartzala erantsi du.
Martinezen ustez, apirilaren 28ko hauteskundeek agerian utzi zuten "euskal gizartearen gehiengoa aurrerakoia" dela, hortaz, akordioak ildo horretatik lortu beharko lirateke.
Lehendakariak erantzun duenez, Euskadiren egoera ekonomiko eta politikoa "hobea" da, Martinezek esaten duela gorabehera. Horrez gain, eskuduntzak garatzeko akordioak behar direla adierazi du, Elkarrekin Podemos "horretarako prest" ote dagoen zalantzan jarri badu ere. Era berean, eta EH Bilduri esan dion bezala, PPrekin batera bozkatzearen jarrera aldatzeko eskatu dio alderdi moreari.