Politika -
Batera joango dira
Arabako egoeraren diagnostikoa defendatu dute EAJk eta H1!ek
EAJ eta Hamaikabat batera joango dira hauteskundeetara Araban eta lurraldeko zazpi udaletxetan. "Kofiantza" ibilbideari esker lortu dute akordioa.
Erredakzioa
EAJk eta Hamaikabatek (H1!) maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara Araban batera joateko akordioa aurkeztu dute gaur Gasteizen.
Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidenteak eta Iñaki Beraza Arabako Hamaikabateko presidenteak Gasteizen aurkeztu dute "ondasun ideologiko eta Arabako egoeraren inguruko diagnostiko komunean" oinarritutako akordioa.
Arabako Foru Aldundian eta zazpi udaletan (Agurain, Kanpezu, Oion, Guardia, Eltziego, Zuia eta Zigoitia) aurkezteko koalizioa adostu dute.
Hala ere, astelehenera arte ez da hautagaien zerrenda itxiko, eta beraz, baliteke beste udalerri batzuetara akordioa zabaltzea.
Gerenabarrenaren hitzetan, H1!ek "aurkezteko aukera duen tokitan", alderdi biak batera aurkeztuko dira.
Arabako EAJko presidenteak azaldu duenez, Gasteizko Udalaren kasuan, akordio "programatiko" bat dago, eta udalera aurkeztuko diren zerrendak EAJrenak dira; dena den, EAJren programak "kolaborazio formula" bat izango du H1!ekin legealdi osoan.
Beste lurraldeetan akordio berdinera heldu ez izanari buruz hitz egitea errefusatu du Gerenabarrenak.