Politika -
Negoziazioak ETArekin
Velascok Eguigurenen aurkako kereila bat bidali du Gorenera
Eloy Velasco epaileak Epaitegi Gorenera bidali du 2006an ETArekin negoziatu zutenen aurka Manos Limpiasek jarritako kereila.
Erredakzioa
Eloy Velasco epaileak Epaitegi Gorenera bidali du 2006an ETArekin negoziatu zuten Jesus Eguiguren PSEko presidentearen eta Javier Gomez Benitez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalaren aurkako kereila bat. Epaileak Gorenera bidali du forupekoak zirela argudiatuz. Kereila Manos Limpiasek jarri zuen.
Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du kereilaren izapidea onartu, Auzitegi Nazionalak ez baitu horretarako eskumenik, epailearen hitzetan. "Terrorismoarekin zerikusia duten delituak egotzi arren, kereilatuen funtzio publikoaren izaera nagusitzen da".
Manos Limpias Funtzionario Publikoen Taldeak martxoaren 30ean aurkeztu zuen kereila, eta Francisco Lopez Peña Thierryri hartutako ETAko aktetan oinarritzen da. Kereila hori Egugigurenen eta Gomez Benitezen aurka joateaz gain, Javier Moscoso Estatuko fiskal nagusi ohiaren aurka doa, talde armatuari laguntza emateagatik eta estalketagatik.
Salaketa hau Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak edo Bigarren Salak epaitu behar duela uste du Velasco epaileak, Gomez Benitez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea delako, eta Jesus Eguiguren Eusko Legebiltzarreko ordezkaria delako..Moscosori buruz epaileak azaldu du, Gorenak epaitu egiten dituela forupekoen inguruko auziak.
Horregatik, auzia Gorenaren esku uztea erabaki du. Epaitegi honek erabakiko du zein organuk hartu beharko duen Eguiguren eta Gomez Benitezen aurkako salaketa. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ere uko egin zion salaketa hau tramitatzeari, “Auzitegi Gorenak behin eta berriz errepikatu egin duelako elkarrizketa eta kontaktu horiek ez zirela delitua izan”.