Politika -
Bi guardia zibil
75 urte eskatu dute 'Txapote' eta ETAko beste bi kiderentzat
'Txapote', Asier Arzallus Goñi eta Aitor Aguirrebarrena Beldarrain Sallet de Gallegoko atentatuagatik epaitzen ari dira. Bertan, bi guardia zibil hil zituzten.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 75 urteko kartzela zigorrak eskatu ditu Javier Garcia Gaztelu ''Txapote'' ETAko buruzagi militarrarentzat eta Asier Arzallus Goñi eta Aitor Aguirrebarrena Beldarrain ETAko bi kideentzat. Hirurak Sallent de Gallegon, Oskan, 2000ko abuztuaren 20an bi guardia zibil hil zituzten.
Txapotek ez du deklaratu nahi izan eta "Jo ta ke Independentzia lortu arte" oihukatu du.
Horren ostean, Javier Gomez Bermudez magistratuak "beste edozein adierazpen politiko" egiten badu, epaitegitik botako duela ohartarazi dio.
Auzitegiko presidenteak hainbat alditan eskatu behar izan dio ''Txapote''ri isilik egoteko.
ETAren komandoen arduradun ohiak epaiketa "antzerki hutsa" dela adierazi du. Asier Arzallus Goñi eta Aitor Aguirrebarrena Beldarrain bezala, besoak gurutzatuta egon da, eserita, eta deklaratzeari uko egin dio.
Behin behineko ondorioetan, Miguel Angel Carballo fiskalak atentatua egiteko agindua ematea leporatzen dio ''Txapote''ri, orduko komandoen arduradunari. Beste bi akusatuek atentatua gauzatu zuten Jose Ignacio Guridi Lasarekin batera. Azken hau kartzelan da dagoeneko atentatu honetan parte hartu izanagatik.
Atentatu horretan Irene Fernandez Pereda guardia zibila momentuan hil zen eta haren lankidea, Jose Angel de Jesus Encinas, larri zauritu zuten. Encinas ordubete geroago hil zen Oskako San Jorge Ospitalean.
Hori guztiagatik, fiskalak hilketa terroristako bi delitu leporatzen dizkie, eta bakoitzagatik 30 urteko kartzela zigorra eskatzen du. Gainera, txikizio delitua ere leporatzen die, 15 urteko kartzela zigorra gehituta.